Gabonetako etenari etekina ateratzen

Txintxarri Aldizkaria 2021ko urt. 7a, 14:50
AƱorgako jokalari Izaskun San Anizeto herritarra Tolosako jokalari batekin lehian. Arg.: Conchi Sanchez Frail

Asteazkenean euskal derbia izan zen Iberdrola ligan. Real Sociedad eta Athletic Club taldeak aurrez aurre egon ziren, Zubietan eta Reala izan zen garaile, 1-0. Asteburu honetan, Real Madrid du arerio Iraia Iparragirre kide duen taldeak. Añorga KKEk Arratiaren aurka emango dio hasiera ligako bigarren itzuliari

Bi asteko atsedenaren ostean, Natalia Arroyoren jokalariek Atletico Madriden aurkako porrota ahazteko denbora izan zuten eta hamalaugarren jardunaldiko Athleticen aurkako derbiari gogoz aurre egiteko prest zeuden.

Real Sociedadeko jokalariak lehen minututik garaipenaren bila atera ziren. Nerea Eizaguirrek abisua eman zuen baloia zutoinera bidaliz. 

Pixkanaka bizkaitarrak partidaren menpe egin eta talde txuri-urdina egoera larrian jartzen saiatu ziren. Realeko defentsak, ordea, irmo mantendu ziren bere lekuan eta Athleticen saiakerak zapuztu zituzten. Atsedenaldira husnako berdinketarekin iritsi zen derbia.

Bigarren zatia, lehenengoaren antzera hasi zen. Reala nagusi izan zen lehen minutuetan eta Nerea Eizaguirreren baloi batek langa ukitu zuen. 

Jarraian, bi taldeak eraso kontraeraso tarte batean sartu ziren. Energiaz bete zen derbia eta tentsio handia egon zen bi taldeen artean.

Atera iritsi zen behin baino gehiagotan Reala. Korner batean aurreratzeko aukera izan zuen, baita aurrerago Nahikariren jaurtiketa batekin ere. Baloiak zutoina ukitu zuen.

Athleticek, ordea, kontra batean bilatu zuen gola. Atera iristear zeudela, jokoz kanpokoa zegoela adierazi zuen epaileak.

Natalia Arroyok jokalari aldaketa batzuk egin eta ostean, Realak berriro hartu du partidaren zuzendaritza. 

Horrela, 67. minutuan, Barbara Latorrek buruz zulatu zuen Athleticen atea Reala aurretik jarriaz.

Batekin nahiko ez zuela eta talde txuri-urdinak bizkaitarren defentsa zigortu zuen behin eta berriro. Eta azken minutura arte, bigarren gola lortzeko aukera ugari izan zituzten.

Athleticek azken ahalegin bat egin zuen punturik gabe ez joateko, baina saiakerak langa ukitu zuen.

Iraia Iparragirre herritarrak ez zuen partidan parte hartzerik izan. Hala ere, aulkian egon zen bere kideak animatzen.

Puntuak ongi datozkio Realari, asteburu honetan partida gogorra jokatu beharko dute eta. Iraia Iparragirre eta bere kideek sailkapeneko bigarren postuan dagoen Real Madrid izango dute aurkari, Zubietan, 11:00etatik aurrera.

Bigarren itzulia

Lehen Nazionaleko Añorga KEEko jokalariek ere hiru astez egon dira lanean lehiaketarik gabe.

Javi Solchagaren taldeak 2B taldeko ligaxkako bigarren itzuliari hasiera emango dio CD Arratiaren aurka bihar, larunbatarekin, 16:00etatik aurrera. 

Azaroaren 29an ikusi zituzten aurpegiak azkenekoz bi taldeek. CD Arratiaren aurkako partida denboraldiko lehena izan behar bazuen ere, COVID-19 kasuak tarteko hiru alditan atzeratua izan zen. Azkenik, jokatu ahal izan zuten bi taldeek. Orduan bost eta huts gailendu zen Añorga. 

Egun sailkapeneko azken postuan da talde bizkaitarra puntu bakarrarekin. Aurreikuspenen arabera, zailtasun handirik gabe garaitu beharko luke Añorgak Arratia bihar jokatuko duten partidan. Izaskun San Anizeto etaAinara De Olmo herritarrak kide dituen Añorga, berriz, sailkapeneko laugarren postuan da. Hiruna garaipen eta porrot batzen ditu denboraldi honetan.

Hala ere, bosgarren jardunaldiko partida jokatzeko du SD San Ignacioren aurka. Partida urtarrilaren 24an jokatuko dute. Partida zaila izango da añorgatarrek jokatu beharrekoa, egun hirugarren postuan dagoen taldea da-eta.