Lasarteoriatarrak bikain Nazioarteko 38. Eguberritako txapelketan

Txintxarri Aldizkaria 2021ko urt. 7a, 14:15
Ainhoa Martin, eskuinean, Eguberriko txapelketako sari nagusia eskuetan. Arg.: Lobo Altuna

Nazioarteko igerilariak bildu ziren, abenduaren 29an,  Donostiako Paco Yoldi igerilekuan nor baino nor Nazioarteko 38. Eguberri txapelketako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza Sari Nagusia eskuratzeko. Bidasoa XXI taldeko Ainhoa Martinek sari nagusia eskuratu zuen; Leire ahizpa ere podiumean izan zen, bigarren postuan. Buruntzaldea IKTko Nahia Zudairek 50 m. libre proban, S8 mailako Espainiako errekor berria ezarri zuen

2020 urte bereziari amaiera emateko Nazioarteko 38. Eguberri txapelketan izan ziren Buruntzaldea IKTko igerilariak, baita Irungo Bidasoa XXI taldean lehiatzen diren Ainhoa eta Leire Martin herritarrak ere. Nazioarteko txapelketa horretan bi ahizpak Euskal Herriko selekzioarekin parte hartu zuten eta nahiz eta faboritoen artean ez egon, Sari Nagusiko lehen postua eskuratzeko lehia bizia izan zuten Martin ahizpek. Txapelketako azken proban, 200 m. lau estilo proban erabaki zen irabazlea, Ainhoa.  

Leirek indartsu hasi zuen lehiaketa eta 50 m. bizkar proban eman zuen abisua. Sailkapenean 30.61 egin ostean, finalean 29.96  behar izan zituen. Denbora horri esker, 17 urteko Euskadiko errekor berria ezarri zuen aurrekoa 30 segundotan hobetuz. 

Sailkapen orokorrera begira, 730 puntu eskuratu zituen eta horrek, sari nagusiko emakumezkoen lehen postuan jarri zuen.

Ainhoak 50 metro tximeleta probako finalean bigarren postua egin arren, 17 urteko Euskadiko errekorra egin zuen, 28:32. 

Bi final hauetaz gain beste hiru finaletan egoteko txartela eskuratu zituzten Martin ahizpek, baina ez ziren horietan lehiatu.Ainhoak 50 m. eta 100 m. bular probetako sailkapena eskuratu zuen; Leirek, berriz, 100 m. bizkar proban.

Azkenean, 200 m. lau estilo proban erabaki zen Sari Nagusiko irabazlea. Sailkapenean bi ahizpek lehen bi postuak eskuratu zituzten eta finalean ere ez zuten hutsik egin. Ainhoak 2:19.65 denboran geratu zuen kronoa. Nahiz eta aste bete lehenago Castellon eskuratutako 17 urteko Euskadiko errekorretik gertu ez egon (2:18.31), Nazioarteko txapelketako puntuaziorik altuena eskuratu zuen emakumeen mailan, 736.

Era honetara, sailkapen orokorrean, sei puntuko tartea besterik ez zen egon bi ahizpen artean. Ainhoa lehena izan zen. Bigarren Leire izan zen, 50 m. bizkar probako puntuei esker eta hirugarren, Easo taldeko Maider Redin izan zen, 713 punturekin.

Gizonezko mailan, Real Canoeko Hugo Gonzalez balearra izan zen garaile (875), C.D. Sek taldeko Juan Francisco Segura madrildarra bigarren izan zen (843) eta C.N. Santa Olaya taldeko Cesar Castrok (798) osatu zuen hirukoa.

Espainiako errekorra

Buruntzaldea IKTko kideak ez ziren esku hutsik atera Donostiatik. Aintzane Sarobe,  Nora Imaz, Izaro Audikana, Nerea Santos, Nahia Zudaire, Mikel Esnal eta Unai G. Somovilla izan ziren taldeko ordezkariak eta hiru marka pertsonal, Espainiako Errekor berri bat eta taldeko 2 errekor berri ezarri zituzten.

Buruntzaldea IKTko igerilariak, Paco Yoldi igerilekuan. Arg.: Buruntzaldea IKT

Igeriketa egokituaren atalean, Nahia Zudairek bere prestaketa bide onetik doala erakutsi zuen eta bere marka hobetu zuen 50 m. libre probako sailkapenean, 33,31. S8 klaseko Espainiako errekor berria ere ezarri zuen. Arratsaldeko finalean ere errekorra berriro hautsiko zuela zirudien arren, ehuneko batera geratu zen, 33,32.

Nora Imazek ere proba berean bere marka pertsonala ondu zuen, 29,64 eginez. Eta Izaro Audikanak 50 m. bular probako kronoa 41,04an geratuz balentria bera lortu zuen.

Marka pertsonalik gabe baina taldeko 16 urteko errekor berria egin zuen Aintzane Sarobek, 50 m. libre proban (28,66). Bestetik, Mikel Esnalek 26,41 egin zuen 50 m. libre proban eta Nerea Santosek 41,54, 50 bular proban. Unai G. Somovillak, berriz, 35,53 egin arren deskalifikazioa jaso zuen proba berean.