ESKUALDEA

Daiteke Aholkularitza Zerbitzuak ikaskuntza bitartekaritza zerbitzua eskaintzen du eskualdean

Txintxarri Aldizkaria 2021ko urt. 7a, 12:17

Daiteke Gizarte Aholkularitzak martxan jarri du eskualdeko sei udalerrietan bizi diren adin-talde guztietako pertsonei zuzendutako ikaskuntza bitartekaritza zerbitzua.  Herritarrei aholkularitza eta informazioa eskaini nahi die Daitekek, eskualdean egiten diren prestakuntza formal, ez formal eta informalaren gaineko saioei buruz. Zerbitzu horrek banakako aholkularitza eskaintzen die herritarrei, "prestakuntza prozesu horietan aholkatuta eta lagunduta". 

Ikaskuntza bitartekaritza zerbitzu hori eskaintzen duen bulegoa Hernanin dago, Florida auzoa 28 zenbakian. Ordutegia honako hau da: astelehenetik ostegunera 08:30etik 16:30era eta ostiraletan 08:30etik 14:30era. Interesa dutenek aurrez hartu beharko dute hitzordua 688 77 46 50 telefonora deituta edo bitartekari.beterri@daiteke.com helbide elektronikora idatzita. Hitzorduak bi motatakoak izan ohi dira: presentzialak edo bideo-dei bidezkoak.

Adin-talde guztientzat

Daitekek eskaintzen duen zerbitzua  erabil dezakete gazteek, helduek zein adinekoek, lanean egon edo langabezian, ikasten... Ikaskuntza bitartekaritza hori doakoa da. Helburuetako bat da pertsona horien heziketa prozesuan laguntzea eta aholkatzea, eskualde mailan egiten diren ikastaro, saio, tailer eta bestelakoen berri emanez.  Profesionaltasun agiria lortu nahi dutenek ere laguntza jaso dezakete zerbitzu horretan.

Daitekek ondoko web-orri bat sortu du, zerbitzu horri buruz informazio gehiago emateko.