Errege Magoak iritsi dira Lasarte-Oriara

Txintxarri Aldizkaria 2021ko urt. 5a, 13:23

Melchor, Gaspar eta Baltasar erregeak herrira iritsi dira. Ezin izango dute urtero bezala kabalgata koloretsuarekin atera eta haurrei gozokiak eta musuak banatu, baina, Megaba elkarteak antolatutako harrerari esker, gaztetxoen gutunak jasotzen ari dira behintzat, opariak prestatu eta gaur gauean herritarren etxeetan uzteko.

Guzti-guztia ezohikoa den garai hauetan, Errege Magoen etorrera ere halakoa izan da: desberdina. Brigitarren komentuan ez, herriko ikastetxeetan daude Melchor, Gaspar eta Baltasar erregeak aurten, eta ez hiruak batera: Melchor, Sasoetan; Gaspar, Garaikoetxea-Landaberrin; eta, Baltasar, Zumaburun. Megaba elkarteak gaur egun indarrean dauden neurrietara egokitutako harrera antolatu du, etxeko gazteenek erregeekin egon eta eskutitzak emateko. Musuak ere bai, baina distantzia fisikoa mantentzen. 

Goizeko txanda amaituta, atseden apur bat hartu eta arratsaldekoari ekingo diote Ekialde Urrunetik etorritako hiru erregeek, baina ez zaldien gainean eserita, aulkietan baizik, goizean goizetik aritu diren bezala. Gauean, ordea, joango dira herritarren etxeetara, eskatu dituzten opariak uztera.