Arteaga II.ak Promozio mailako eskuz binakako txapelketa hasi du

Txintxarri Aldizkaria 2021ko urt. 5a, 13:00
Arteaga II.a Promozio mailako buruz buruko finalean berotzen. Arg.: Txema Valles

Urte berriarekin batera, Promozio mailako eskuz binakako lehiaketa hasi zen, Eibarko Astelena pilotalekuan. Bertan izan zen Axier Arteaga, Arteaga II.a. Elizegi lagun duela maila horretako 2021 urteko txapelketa jokatuko du

Promozio mailako eskuz binakako lehen jardunaldian, ez zuen zorterik izan Arteaga II.a-Elizegi bikoteak. Larrazabal eta Eskiroz izan zituzten aurrez aurre eta 22-17 galdu zuten.

Binakako txapelketa ligaxka moduan jokatuko denez, Arteaga II.ak eta Elizegik hurrengo astelehenean bertan, urtarrilaren 11n, lehen saioko zapore txarra kentzeko aukera izango dute. Alberdi eta Salaverri II.aren aurka jokatuko dute bigarren partida Zallan, Bizkaian.

Sailkapen ligaxka

Txapelketan ASPE eta Baiko Pilota enpresetako zortzina pilotarik parte hartuko dute. Baiko Pilota enpresak Arteaga II.a-Elizegi bikoteaz gain, Zubizarreta III.a-Uriondo, Alberdi-Salaverri II.a eta Larrazabal-Eskiroz aurkeztu ditu. ASPEren bikoteak honakoak dira: Elordi-Garmendia, Salaberria-O.Etxebarria, Egiguren V.a-Ruiz eta Zabala-Erostarbe. 

Bikoteek zazpi jardunaldiko bi itzuli jokatuko dituzte. Beraz, guztira hamalau jardunaldi dituzte finalerdietako ligaxkarako txartela eskuratzeko. Bi bikote onenak zuzenean sailkatuko dira bigarren fase honetara eta hirugarren eta seigarren postuen arteko sailkatuek aurrera egin ahal izateko playoffa lehiatuko dute.

Guztia ondo bidean, final handia maiatzaren 8an jokatuko litzateke.