Irauli sortu dute, Buruntzaldeako Langile Prekarioen Sarea

Txintxarri Aldizkaria 2021ko urt. 4a, 10:08

Eskualde mailako egitasmoa da Irauli: kontzientziazioaren eta formakuntzaren eta erantzun edo salaketa dinamiken bitartez, langileriaren problematikari aurre egiteko borrokei ekingo diete kideek. "Zapaltzen gaituen sistemari aurre egiteko mekanismoak sortuko ditugu". 

Antolatuta harrapa gaitzala. Lelo horrekin aurkeztu du proiektua Irauli Buruntzaldeako Langile Prekarioen Sareak. Antolatu nahi dute, langileria "etengabeko prekarizazio prozesu batera" kondenatzen duten agintarien neurriei aurre egiteko. "Sistema kapitalistaren gabeziak eta hutsuneak ezagunak diren arren, COVID-19ak era gordinenean azaleratu ditu horiek, klaseen arteko talka eta langileon zaurgarritasuna areagotuz". 

Irauli sareko kideek salatu dutenez, kapitalak "krisi berriari konponbide zaharrak" eman nahi dizkio, "ondorioen pisu guztia langileariaren bizkar" utzita, "elite ekonomiko eta politikoen interesak eta irabaziak bermatzen diren bitartean, langileen bizi baldintzak eta bizitza bera jokoan jarriz". 

Sistema iraultzeko

Testuinguru horretan, eskualdeetako herri desberdinetako zenbait pertsonak Irauli Buruntzaldeako Langile Prekarioen Sarea sortu dute, beharra ikusi baitute "antolatzeko eta langilegoaren mesederako izango den sistema baten aldeko borrokari ekiteko". Langileen problematikei aurre egingo dieten borrokei ekingo diete, formakuntzan eta kontzientziazioan sakonduko dute, langileen antolaketa indartuko eta "sistema zapaltzaileari" aurre egiteko mekanismoak sortuko. 

Proiektu horren berri gaur eman dute kideek, astelehenarekin, baina, zehaztu dutenez, "aspaldidanik" lantzen ari ziren ideia izan da. "Hilabeteetan zehar gure eskualdearen errealitatea aztertu dugu, eta langileok pairatzen ditugun prekarietate egoera ohikoenak identifikatzeari ekin; hori izan zen jatorria". 

Kontzientziazioa eta formakuntza eta erantzun edo salaketa dinamikak izango dira Irauliren jardunaren ardatz nagusiak, eragile horretako kideek jakitera eman dutenez. Alde batetik, uste dute "funtsezkoa" dela prekarietate egoera identifikatzen jakitea gero horri aurre egin ahal izateko; eta, bestetik, problematika konkretuei "erantzun kolektiboak" eman nahi dizkiete. "Langile orok aukera izango du jasaten dituen zapalkuntzen aurrean Irauliren sareaz baliatzeko".

Behin eragile hori sortuta, sarea handitu nahi du Iraulik. Twitter, Facebook edo Instagramen bitartez jar daitezke herritarrak beraiekin harremanetan.