KULTUR AGENDA

Ikus-entzule gazteenei zuzendutako ekintzak, 2021. urtea hasteko

Txintxarri Aldizkaria 2021ko urt. 4a, 10:17
'Go!azen' saio arrakastatsuko artxiboko irudi bat, 2017koa.

Urtarrileko kultur agendaren berri eman du Lasarte-Oriako Udalak. Hiru diziplina hartu ditu ardatz: zinema, antzerkia eta opera.

Etxeko txikienei eskainitako bi ekitaldik irekiko dute 2021a: urtarrilaren 3an, igandearekin, Stardog&Turbocat luzemetraia proiektatuko dute Manuel Lekuona kultur etxean, euskaraz, 17:00etan. Sarrerek 3,80 euro balio dute. Bi egun beranduago, asteartez, Go!azen saio arrakastatsuko protagonistek kontzertua taularatuko dute toki berean, 16:30etik 19:30era. Ekitaldi horretarako sarrerak ere 3,80 euroan eros daitezke.

Okendo Zinema Taldeak bi zineforum programatu ditu urte berriko lehen hilabeterako, 8an eta 22an. Corpus Christi eta Erlauntza filmak emitituko dituzte, hurrenez hurren. Koronabirusaren hedapena gutxitzeko gaur egun indarrean dauden neurriak direla-eta, 19:00etan hasiko dira bi proiekzioak, kultur etxean. Sarrerek 5,50 euro balio dute.

Zinema, opera eta antzerkia

Urtarrileko bigarren igandean, 10ean, En guerra con mi abuelo pelikulaz gozatu ahalko dute lasarteoriatarrek, 19:00etatik aurrera, 5,50 euroren truke. Hiru egun beranduago, urtarrilaren 13an, asteazkenez, Giacomo Pucciniren Liceu opera ekarriko du udalak kultur etxera, 18:00etan. Segun eta ikus-entzuleek nondik ikusi nahi duten lan hori, sarrerak merkeagoak edo garestiagoak izango dira: gutxienez, 7,50 eurokoak, eta, gehienez, 9koak. 

Helduentzako zinema berriro ere urtarrilaren 17an, igandearekin. Orduko horretan Trolls 2: gira mundial filma eskainiko dute arratsaldeko zazpietatik aurrera, kultur etxean. Sarrerek 5,50 euro balio dute. Ia astebete beranduago, larunbatez, hilaren 23an, Fadoak entzuten zituen gizona antzezlana oholtzaratuko du Xake Produkzioak konpainiak. Emanaldia 19:00etan hasiko da, eta sarrerek 5,50 euro balio dute.

Hilabeteko azken bi igandeetan, 24ean eta 31n hain justu, bi film luze programatu dituzte. Azkena haurrei zuzendua izango da, Los fixies contra los cabots (Fixieak Cabotsen aurka), 17:00etan hasita, 3,80 euroren truke. Bestea, berriz, Enjambre (Erlauntza) izango da, 19:00etan, 5,50 euroren truke.