Soul eta gospel doinuekin berotu du arratsaldea Sand&Soulshine Voices taldeak

Txintxarri Aldizkaria 2020ko abe. 27a, 22:19

Talde frantziarrak urteko garai honetako zenbait abesti ezagun kantatu ditu, beste estilo batzuen ukitua zuten piezekin tartekatuta. 

Gospela eliza kantak badira ere, denbora luze da haietatik kanpo entzuteko aukera dagoela, bereziki, Eguberrietan. Eguraldi ezatseginetik salbu, kultur etxera bertaratu direnek arima berotzeko saio batez gozatzeko aukera izan dute. 

Piano doinua bakarrik izan dute lagun, eta nahikoa ez zenean, txalo egin edo ikusleei eskatu dizkiete. Hala, ordu eta erdi iraun duen saioa egin dute, gabon kanta ezagunak horren entzunak ez diren bestelako batzuekin tartekatuta. Hori ez da oztopo izan entzuleentzat, berdin-berdin disfrutatu baitute sei abeslarien ahotsekin. Taldean eta banaka aritu dira, modu batera zein bestera primeran moldatzen direla erakutsiz. Aleluya ezagunaren bisarekin amaitu dute saioa. 

Sand&Soulshine Voices taldea jazz eta gospel musikaren alorrean ibilbidea luzea duen Sandrine Garcíaren ekimenez osatu zuten 2006an. Gospel tradizionaleko errepertorioa blues, jazz, funk edota soul estiloko ukituekin osatu dute, abestien sakralitatea gordez.

 



 

Erlazionatuak

Sand&Soulshine Voices taldearen kontzertua

Txintxarri Aldizkaria 2020 abe 27 Kultura