COVID-19

EAEn 226 kutsatu erregistratu dituzte txertaketa kanpaina hasi bezperan

Txintxarri Aldizkaria 2020ko abe. 27a, 12:39

COVID-19aren aurkako txertoaren lehen dosiak jarri dituzte EAEn. Gipuzkoan, Hondarribiko Caser Betharram egoitzako egoiliarrek eta profesionalek hartu dute. 

Osasun Sailak ohar batean ezagutarazi duenez, larunbatean, 4.281 proba diagnostiko egin zituzten Euskal Autonomia Erkidegoan, PCR eta antigeno testak batuta, eta haietako 226 positiboak izan ziren. Hortaz, positibo tasa % 5,3 da.

Atzemandako kutsatu berrien lurraldekako banaketa honakoa da: Gipuzkoan, 71; Bizkaian, 111, eta Araban, 40. Gainerako lauak erkidegotik kanpoko herritarrak dira.

Ospitaleei dagokienean, atzo, 23 lagun ospitaleratu zituzten koronabirusak eraginda eta ZIUetan 86 gaixo daude. 

Lehen dosiak 

Bestalde, gaur goizean heldu dira COVID-19aren aurkako txertoaren lehen dosiak EAEra. Txertaketa kanpaina aldi berean hasi dute hiru herrialdeetan. Gipuzkoan, Hondarribiko Caser Betharram egoitzan 180 dosi jaso dituzte, Bizkaian, berriz, 85, Elorrioko Laguntza Zentroan; eta Araban, 140, Gasteizko Ajuria egoitzan.  

Aurreikuspenen arabera, astero 16.000 dosi inguru helduko dira EAEra, txertoa eremu soziosanitarioan ematen jarraitzeko, egoiliarrei nahiz profesionalei.