Ventanas Alcar eta Ormazabal Loradendaren erakusleihoak saritu dituzte

Txintxarri Aldizkaria 2020ko abe. 23a, 16:31

Erakusleihoen lehiaketako sariak banatu ditu Aterpea elkarteak udaletxeko pleno aretoan. Saririk irabazi edo ez, ekimenean parte hartu duten hemezortzi establezimenduek egindako lana goraipatu du Udaleko Sozioekonomia batzordeburu Nuria Fernandezek. 

Ormazabal Loradendak irabazi du Herritarren Saria: tokiko komertzioetan abenduan zehar erosi duten lasarteoriatarrek bozkatu behar izan dute euren ustez erakusleiho dotoreena zein izan den. "400 bozka inguru jaso ditugu", jakinarazi du Aterpea elkarteko kide Arantza Aldaik. Bigarren eta hirugarren postuetan, berdinduta, Ventanas Alcar eta Marbell ile-apaindegia sailkatu dira.

Ormazabal, Alcar eta Marbell: hiru komertzio horien erakusleihoak nabarmendu ditu epaimahaiak ere Rural Kutxa Sari Profesionala ematerakoan. Podiumeko ordena, ordea, desberdina izan da: Ventanas Alcarrek irabazi du saria, bigarren izan da Ormazabal Loradenda eta hirugarren Marbell ile-apaindegia.

Erakusleihoen garrantzia

Ormazabal Loradendako jabeek, Ramonek eta Corok, nabarmendu dute "oso-oso garrantzitsua" dela erakusleiho deigarriak prestatzea erosleen arreta eurenganatzeko. "Egia da Internet bidezko salmenta gero eta bolumen handiagoa hartzen ari dela, baina erakusleiho fisikoak funtsezko elementua izaten jarraitzen du; zaindu egin behar dugu". Saridun guztiek eta Aterpeako zuzendaritza taldeko kideek parte-hartzaile guztiek egindako lana goraipatu dute: "Oso erakusleiho dotoreak prestatu dituzue guztiok". 

Udaleko Sozioekonomia batzordeburu Nuria Fernandezek adierazi duenez, Aterpeak urtean zehar antolatzen dituen lehiaketetatik "gustukoena" du erakusleihoena: "Lan ederra egin duzue: zuen denden bitartez Eguberrietako giroa herriari transmititu diozue". Animoak eman dizkie merkatariei, 2020. urtea "oso-oso gogorra" izan bada ere, 2021ari indar betean ekiteko.

Herritarren Sariaren baitan, zozketa egin du Aterpeak, bozka eman duten herritar guztien artean. Maria Jose Jimenezek irabazi du herriko dendetan gastatzeko 200 euroko erosketa-txartela.