Euskarari bultzada emateko hitzarmena

Txintxarri Aldizkaria 2020ko abe. 22a, 12:00
Udal ordezkariak eta Ttakun elkarteko lehendakaria hitzarmena sinatu ostean.

Urtea amaitzear dagoela, Ttakun kultur elkarteak eta Lasarte-Oriako Udalak 2020-2021 ikasturteko hitzarmena sinatu dute gaur goizean. Horren bitartez, Lasarte-Orian euskara eta euskal kultura sustatzeko ekimenak babestuko ditu udalak

Ttakun kultur elkarteak euskara eta euskal kulturaren alde egiten duen lanak Udalaren babesa jaso du beste urte batez. Ttakuneko lehendakari Mari Karmen Ormazabal eta Agustin Valdiviak sinatu dute gaur goizean hitzarmena, Jon Antxordoki Euskara Batzordeburua aurrean zela. Horren bitartez, 180.686,08 euroko laguntza jasoko du elkarteak.

Urtean zehar, Ttakun kultur elkarteak adin guztietako herritarrei zuzendutako 11 ekintza eramaten ditu eta COVID-10aren aurkako neurri guztiak betez, guztiak martxan daude.

Amaraun Klubeko tailer edo ipuin kontalariak; Gazte Klubeko edo Kuadrillategiko asteroko saioak edo asteburuko ekintzak Lasarte-Oriako haur eta gazteek ez dute aspertzeko astirik.

Ikastoletako eta Haurtzaindegiko guraso elkarteekin eta Muntteri-AEKrekin batera aurrera eramaten den Gurasotegi ekimena; euskaldun berriek mingaina askatzen laguntzeko Solaskide programa edo irakurtzen ari zaren Txintxarri aldizkaria dira ekimen horietako batzuk.

Euskal kultura sustatzen dituzten ekintzak ere egiten ditu elkarteak, hala nola, Euskal Jaia edo bertso saioak.

Aurten, gainera, Udalarekin batera Euskaraldia ekimena kudeatu du Ttakun kultur elkarteak eta horrek urteroko kopurua handitzea ekarri du.