GOZATEGIREN KONTZERTUA

Denbora luze batean gogoratzekoa

Iñigo Gonzalez Sarobe 2020ko abe. 22a, 01:16

Eguberriei ongi-etorri beroa egin diete lasarteoriatarrek: kultur etxea lepo, Gozategi talde oriotarraren kontzertuaz gozatu dute, hurrengo emanaldia plazan entzungo (eta dantzatuko) duten itxaropenez. 

Atzo iluntzean bizitakoa hitzetan jartzea ez da erraza. Ea Gozategi taldearen kanturen batek laguntzen didan. Banoa: Gure txikitako kantak, kanta ederrenak, euskaraz ziren gehienak... Kultur etxera bertaratu diren ikus-entzuleek eztarria urratzeraino abestu dute Chiquitaco can tac, beste askoren artean. Gazteak ziren kultur etxera bertaratutako asko, eta, abesti horrek dioen moduan, txikitako kanta gehienak euskaraz entzun dituzte. Zerrenda bat egiteko eskatuz gero, talde oriotarrak konposatutako pieza bat baino gehiago sartuko lukete.

Beste ikus-entzule batzuk ez ziren hain gazteak, baina, txikiagoak zirenean, behin eta berriro entzun zituzten Kalanbreak, Nor-Nori-Nork, Hiru Izar, Porru Patata, Euskal Selekzioa eta beste hainbat. Ttakun Kultur Elkarteak Lasarte-Oriako Udalarekin elkarlanean antolatu duen emanaldian kantatu dituzte berriz ere horiek guztiak eta gehiago, eserlekutik altxatu gabe, baina amaitzerakoan kopetean izerdia zutela, eserita ere besoak gogotik astindu daitezkeelako, esate baterako.

Formatu berri bat

TXINTXARRI aldizkariaren hemeroteka Gozategiren kontzertuen argazkiz beteta dago. Sanpedroetan, Zabaletako Jaietan... Makina bat emanaldi eskaini izan dituzte oriotarrek gure herrian. Beti plazan, beti ikus-entzuleak kantuan eta dantzan jarriz, distantziarik mantendu beharrik gabe, eta maskaren atzeko irribarreak ikus zitezkeela. COVID-19ak hala eraginda, desberdina izan zen atzo iluntzeko emanaldia, intimoagoa nahi bada, baina beti bezain intentsoa, emozionalki batez ere. Gozategik oholtza gainean jarritako kartelak zioen bezala, ea laster Gozategi plazan entzuteko paradarik dugun. Bien bitartean, atzokoaren estiloko ikuskizunekin konformatu behar. Bizi ditugun garaiotan ez da gutxi, aizue.

Ttakun KEk ekintza bat baino gehiago antolatu du Eguberrietarako, atzoko kontzertua tartean. Planteamendua zen aurretik artisau azoka bat egitea, baina udalari ez zaio aproposa iruditu santomasetan egitea, Ttakuneko lehendakari Mari Karmen Ormazabalek emanaldia hasi aurretik azpimarratu bezala. Horren ostean, emanaldira baserritar jantzita joan direnen artean zozketa egin du elkarteak. Xuban Ollokiegi gazteak irabazi du Gabonak ederki igarotzeko otar ederra, Etxezarreta harategiko produktuekin betea: txistorra (nola ez), gazta, irasagarra, sagardoa... Gozategiren kontzertu batera joan aurretik (edo ostean) kontsumitzeko modukoa.

Herritarrak oholtzara

Arestian aipatu bezala, egoera normal batean aukera ederra zatekeen otar horretako produktuak jan eta gero Gozategiren emanaldira joatea, kaloriak erretzera. Gaur egun, hori ez da horren erraza, kontzertuak norberak bere aulkian eserita ikusi behar dituelako. Dena den, salbuespen txiki bat egin du Orioko hirukoak, beste hainbeste lasarteoriatar gonbidatu baititu agertoki gainera igotzera: bakoitzak pandero bat hartu du eta musikaz gozatu du, Gozategiren eta ikus-entzuleen txaloen erritmora.

Pandero, trikitixa, gitarra, baxu eta ahots, euren errepertorioko abesti onenak taularatu ditu Gozategik Manuel Lekuona kultur etxean, ikus-entzuleei Kalanbreak sortzeraino. Astelehena biharamun ez; kasu honetan, asteartea da hurrengo egun madarikatu hori, abenduak 22. Edonola, aspaldi da aje bat ez zela horren gozoa izaten. Emozioen erauntsia izan baita Gozategik kultur etxean eskainitako emanaldia: Denbora luze batean gogoratzekoa.