Nautilusean bidaia, plastikozko itsasoan barrena

Txintxarri 2020ko abenduaren 19a

Txalo Produkzioak taldeak 20.000 legoa itsaspeko zaborretan antzezlanaren emanaldia egin du kultur etxean. 

Eserlekutik mugitu gabe, itsas hondoan barrena ibili dira kultur etxeko aretoa bete duten haurrak. Anorak surflari trebe eta itsasozale amorratuarekin batera alarmak piztu dituen itsas izaki izugarri baten bila abiatu dira. Munstroa beharrean, ordea, Nautilus urpeko ontzia topatu dute. Jules Verneren 20.000 legoako bidaia ur azpitik eleberrian bezala, Nemo da haren kapitaina, baina honako honetan ez du asmo onik. Urpekoan Anorakek bidaia luze bati ekin dio, itsasoko barrunbeak ezagutu ditu eta bertako sekretuen berri izan du. 

Surflariak abentura eta pasadizoekin barre egin, beldurtu eta ondo pasatzeaz gain, antzezlanak haurrak ohartarazi nahi ditu itsasoaren zaintzaz eta zaborrak eragindako arazoaz.