COVID-19

Kutsatu berri bat Lasarte-Orian

Txintxarri Aldizkaria 2020ko abe. 18a, 13:17

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak ostegunean bildutako datuen arabera, positibo bat atzeman zuten atzo herrian. Hori gehituta, 71 dira abenduan zenbatutako kasuak, hortaz, azken bi hilabeteetakoarekin alderatuta egoera hobea da egungoa.

Beterri-Buruntza eskualdeko udalerrietan guztira zortzi kutsatze erregistratu dituzte; ez dituzte, ordea, herri guztietan atzeman, Urnieta eta Usurbil bere horretan mantendu baitira. Egoera txarrena Andoainek du, bost kasu gehituta. Gainerakoetan, bana diagnostikatu dute Hernanin, Astigarragan nahiz Lasarte-Orian. 

Edonola, azken bi asteetako intzidentzia tasak eremu gorritik urruti daude, gaur gaurkoz. Astigarraga da gune laranjan dagoen bakarra, gainerakoak, eremu horian daude.

Euskal Autonomia Erkidegoan, 465 positibo erregistratu zituzten atzo egindako 12.787 test diagnostikoen bidez. Hortaz, positibo tasa, % 3,6 da; bezperakoa baino 0,5 altuagoa. Gipuzkoan 191 kutsatze zenbatu zituzten. Ospitaleei dagokienean, 42 lagun ospitaleratu zituzten atzo eta koronabirusak eragindako 98 gaixo daude ZIUetan.