Eguberriak 2020

Herritarrek eta komertzioetako langileek Gabonak nola igaroko dituzte kontatu diote TXINTXARRI-ri

Txintxarri Aldizkaria 2020ko abe. 20a, 12:00

Izan ote du ohikotik ezer 2020ak? Herritar eta establezimenduekin hitz egin du Txintxarri aldizkariak eta denak ala denak, bat datoz erantzunarekin: urte arraroa izan dela, berezia, ezohiko amaitzear duguna. COVID-19ak eragindako egoera dela-eta, urtea hankaz gora jarri eta eguneroko berrira egokitzea beste erremediorik ez dute izan, eta, urte amaiera ere, orain artekoekin alderatuta gutxienez, ezberdina izango da gehienentzat.Urtea amaitzeko ospakizunak ate joka ditugu, eta horiek ere ez dira urterokoak izango etxe askotan. Egoerak hala behartuta, eta koronabirusari aurrea hartzeko jarraitu beharreko derrigorrezko neurriek, egoera berrira moldatzeko beharra ekarriko dute familia batera baino gehiagora. 2020a nola agurtuko duten kontatu diote aldizkariari zenbait herritar eta komertziotako langilek.

Mikel San Sebastian. Ez ditut Gabonak atsegin. Jendea aztoratuta ikusten da, bizitza zoriontsu eta idilikoa duenaren itxurak eginez mozorro garestiak jantzita. Kontsumismoak ere urte sasoi honetan izaten du loraldia eta denok “behar” ase ezinez gosetzen gara, alferrikako traste pila erosiz. Bestalde, ikusita gabonek duten jatorria eta erlijioak nigan pizten dituen sentimendu eta erreflexioak, nire motibazioa lausotu baino ez da egiten. Baina baditu alde onak ere. Familia eta lagunekin elkartzen gara, nahikoa jan eta edaten dugu eta parranda egiteko aitzakia paregabea izaten da. Aurten, hala ere, COVID-19ak utzi digun panoramarekin ezin izango gara beti bezala lehengusu eta izeba-osabekin elkartu. Oraingoan, nire guraso, anaia, koinata eta ilobekin ospatzearekin konformatuko gara etxekook. Gaitzerdi, denon artean gehienezko pertsona kopuru iristen gara-eta. Santomasak faltan botako ditut, herrian giro ederra egoten baita. 

 

Ogiberri. "Goiz da oraindik iazko urtearekin alderatuta nola lan egingo dugun jakiteko; urtero uzten ditugu erosketak azken momenturako eta aurten ere hala izango da. Urtea ezohikoa izan da guztiontzat, eta zentzu horretan, gure salmentek gorantz egin dute. Taberna eta jatetxeak itxita egon direnez,  ospakizunak etxean egin dituzte herritarrek, eta, zentzu horretan, antzeman dugu aldea. Data hauetan ere beste urteekin alderatuta lan gehiago izango dugula aurreikusten dugu; eskari gehiago egingo dituzte. 
Gabonetarako gomendio bat ere egin diete bertako langileek lasarteoriatarrei: erregetako opila. "Orain arte Errege Egunean jaten zen gehienbat, baina, azken urteetan, jendeak lehenago ere kontsumitzen du. Duela bi edo hiru urte, abenduaren 31n jasotzen genituen lehen eskaerak, baina, azken urteetan, geroz eta lehenago eskatzen dizkigute; beste edozein pastel edo turroi baino askoz gehiago saltzen ditugu". 

 

Oscar Guinaldo. "Koronabirusak eragindako egoera dela-eta, San Tomas eguneko txistorra ogitartekoak etxean jan beharko ditugu aurten eta Gabonetako ospakizunak ere ez dira ohikoak izango. Urtero bezala, bingoan jolastuko gara, baina ez beste urtetan bezainbeste; berandu egiten zitzaigun, eta, aurten, ordu mugarekin lehenago amaitu beharko dugu. Erregeen kabalgatan ere parte hartu izan dut urtero, eta, aurten, ezingo dugu beti bezala parte hartu. Gustuko dut ekintza horretan parte hartzea, eta pena ematen dit aurten ezin ahal izateak. Jalgunen ere modu berezi batean agurtu izan dugu orain arte urtea, baina aurten, hori ere ez dakigu nola joango den. Argi dago orain arteko otordua, besarkadak, muxuak ezingo ditugula eman, baina, ziur modu batean edo bestean, elkarrekin agurtuko dugula elkartean ere urtea".

 

Fernandez Ehunak. "Oso urte berezia da guztiontzat. Jendeak beldurra duela ikusi dugu, eta, oraindik Eguberrietako erosketak nola joango diren aurreikusteko goiz izan daitekeen arren, hasiera ona eman diogu abenduan sartzearekin batera. Zentzu horretan pozik gaude, baina ez dakigu hemendik aurrerakoa nola joango den.
Argi dago COVID-19ak eragin duela gugan, baina online salmenta gero eta gehiago egiten ditu jendeak eta horrek ere eragina du gugan. Hortaz, horri koronabirusak eragindako nahaste guzti hau gehitzen badiogu, ba hori, ezjakintasunez beteriko urtea dela. Bizirauten ari gara, bizitzeko adina atera eta horrekin aurrera egiten.
Gainontzean, egun hauek senideekin igaroko ditugu; ez gara asko elkartzen, eta zentzu horretan, neurri horrek ez digu zuzenean eragingo".

 

Sara Huegun. Azterketa garai bete-betean harrapatu du txintxarri-k lasarteoriatar gaztea; hala izaten dira garai hauek ikasleentzat. "Aurtengo Gabonak, aurrekoak ez bezala, nahiko arraroak izango dira. Guk, gehiengoak bezala, familia guztia biltzeko ohitura dugu aiton-amonen etxean. Oraingoan, arriskua dela-eta, bakoitzak gure etxean ospatuko ditugu. Egia esan, nahiz eta denak elkarrekin ez egon, gaur egun dugun teknologiarekin, ziur nago bideo-deia egingo dugula mahatsak janez. Gainera, 31 gauean ohitura den bezala, parrandara ateratzeko gogoarekin geratuko gara, baina aurten Adarra mendira joateko aprobatxutuko dugu urtarrilaren 1eko goiza. Bukatzeko, ikasten ari garenoi mesede egingo digu etxean egon beharrak, ikasteko aprobetxatuko baitugu". 

 

Iban Garcia. "Ostalaritzarentzako urte hau oso gogorra izan da. Denbora luzez itxita eduki behar izan ditugu negozioak  eta horrek eragin handia izan du gugan. Murrizketa eta neurri guztiak kontuak hartu ditugu hasieratik, eta behar bezala errespetatu ditugu arren, egoeraren errudunak bagina bezala seinalatu gaituzte. 
Etsipen sentimendua ere badut, ez baitakigu nola jokatu, zer egin, noiz arte jarraitu ahal izango dugun lanean, eta abar. Horrek ezjakintasun handia sortu du gugan, eta Gabonetako egunak zalantzaz beteak aurreikusten ditut. Ikusi dugu Beasain, Azpeitia eta bestelako herrietan zer gertatu den. Ez dakigu zer gertatuko den eta horrek gure lana behar bezala egitea oztopatzen du. Nahikoa sufritu dugu, behar dugu gure sektorea babestu eta laguntzea".

 

Amalia Nieto. "Erabat aldatu da gure egunerokoa aurten. Herriko ekintza askotan parte hartzeko ohitura nuen, besteak beste, Manuel Lekuona Kultur Etxeko ekitaldi askotan, eta, aurten, COVID-19ak eragindako egoera medio, ez naiz ausartu. Ez nago bizi dugun egoerarekin erabat beldurtuta, baina maskarak estutasun handia sortzen dit; zorabiatu ere egin naiz kasuren batean. Urtea bezain arraroak, ezohikoak izango dira aurtengo Gabonak niretzat ere. Urtero Irunen bizi den anaiaren etxera joaten naiz, baina, aurten, ez naiz ausartzen. Ez gara burbuila berekoak eta maskarak jantzita egon beharko garenez, aurten nire etxean geratuko naizela erabaki dut; pena ematen dit, Gabonak eta senideekin elkartzea gustuko dudalako, baina aurten, bakarrik igaro beharko ditut". 

 

Etxezarreta harategia. "Alde handia nabaritzen ari gara aurten. Beste urtetan, garai hauetarako eskari ugari izaten genituen, eromena izaten zen. Pentsatzen dugu jendea ibiliko dela azken orduan erosketak egiten, baina, garai hauetan beste mugimendu bat izan dugu aurreko urteetan. Beldur eta ezjakintasun handia dago, eta horren ondorioz, ikusten dugu azken unera arte zain dagoela jendea".  Eguberrietako ospakizunetarako ere gomendio ederra egin die Etxezarreta harategiak lasarteoriatarrei. Harategiko sukaldean jaki berriak prestatzen ari direla aurreratu du, eta horietatik bi gomendatu dizkie bezeroei: arrain zopa eta arrain budina. Haragiak ere nabarmendu ditu: arkumea eta azpizuna". Bezero guztiei eskerrak emateko enkargua ere utzi dio Txintxarri-ri: "Urte berezi honetan gure ondoan izan zareten guztioi, mila-mila esker".