Eguberriak 2020

Eguberrietako kirol ekimenik ez da izango aurten Lasarte-Orian

Txintxarri Aldizkaria 2020ko abe. 19a, 12:00
Maila guztietako saskibaloi taldeak biltzen dira 3x3 txapelketan.

Ez da 3x3 saskibaloi txapelketarik, ezta San Silvestre lasterketa edo haur eta gazte areto-futboleko txapelketarik izango. Ekimenen antolatzaileekin solasean egon gara eta hurrengo urteko edizioak gogo gehiagorekin antolatuko dituztela aurreratu digute

Saskibaloia

Ostadar SKTko saskibaloi atalak urteari amaiera emateko hiru ekitaldi antolatzen ohi dituela azaldu digu. Aurten, ordea, ezingo dute ezer egin. 
"Asko pentsatu ondoren, ezin izango dugu ezer egin, ezta alternatibaren bat aurkeztu ere. Beraz aurten ez dugu ezer ospatuko", adierazi digu Endika Marrahik, Saskibaloi ataleko arduradunak.

Lehen ekimena abenduko zubian izaten da. Horri esker, kadete edo infantil mailako lau erkidego ezberdinetako selekzioak batzen dira Lasarte-Orian Espainiako Txapelketa prestatzeko. "Euskadi, Galizia eta Asturias izan ohi dira finkoak eta laugarrena aldatzen doa; Nafarroa, Gaztela eta Leon, urte batean Madrid ere etorri zen".

Bestetik, taldeetako kideekin Baskonia ikustera joateko irteera ere antolatzen dute.

Eta, azkenik, gure herriko eta inguruetako saskibaloi zaleak biltzen dituen 3x3ko txapelketa dago.Abenduko azken larunbatean egin ohi da eta maila guztietako taldeak lehiatzen dira. Iaz, 50 bat taldek parte hartu zuten eta kategoria berria ere izan zen, 56 + Kirol egokitua. 

Hiruko jaurtiketa edo jaurtiketa libreetako lehia txikia ere izaten da horretan.

Hurrengo edizioa beraz 2021. urtean izango da, eta ideiak badituztela nabarmendu du Marrahik. "Baina normaltasuna behar dugu horretarako, ea laister entrenamenduak itzultzen diren eta kirola egin dezakegun".

San Silvestre lasterketa

Abenduaren 31n, jai giro eta mozorroek hartu ohi izan dituzte kaleak azken urteetan, San Silvestre lasterketari esker. San Silvestre lasterketako antolakuntzako kide David Sanchez Carreterok azaldu digunez, aurten hori ez da posible izango. "Irailean, proba antolatzen hasi ginenean, egoera aztertu eta bertan behera uztea erabaki genuen. Gurea kirol jarduera da baina jai giroan egiten da. Jende asko biltzen da Okendo plazan, mozorroak... Zail ikusten genuen neurriak ongi bete ahal izatea eta, betez gero ere, inork ez lukeela behar den bezala gozatuko uste genuen". 

Aurten, jai giroa kaletik Facebook orrialdera lekualdatuko dute San Silvestreko kideek. 

Hurrengo urtera begira ari dira lanean eta indar gehiagorekin ekingo diotela onartu dute. Hala ere, urte amaierari ongi emateko, ekimen alternatiboa antolatu dute, Facebook bidez: zozketa bat. 

Parte hartu nahi duten herritarrek mozorrotuta korrika egiten ari direla bideo edo argazkia egin eta mezu pribatuz @SanSilvestreLasarteOria Facebookera edo info@sansilvestrelasarteoria.com helbide elektronikora bidali behar dute. 

Atsegin dut gehiago lortzen dituztenen artean Alcar Leihoek babestutako Gabonetako bi sortaren zozketa egingo dute.Irabazleen izenak urtarrileko lehen astean argitaratuko dituzte.

Areto-futbola

Eguzki areto-futbol elkarteko kideek ere aurten ez dute haur eta gazteei zuzendutako areto-futbol txapelketa antolatuko.

"Irailean, egoerak hobera egin arte, jarduerarik egingo ez genuela erabaki genuen", azaldu digute. Ondorioz, areto-futboleko harrobiko kideek aurten ez dute aukerarik izango baloiarekin dituzten dohainak erakusteko.

Hurrengo urteko edizioa egiteko esperantza dute, baita "posible izanez gero" udan beste txapelketa bat antolatzea ere. "Baina dena airean dago". 

Areto-futboleko txapelketako partida interesgarri eta bizirik ez da izango.