Eguberriak 2020

Eguberrietan, kultura ekintza ugari

Txintxarri Aldizkaria 2020ko abenduaren 18a

Haurrak ez aspertzeko antzerki ugari izango da Manuel Lekuonan. Arg.: Iñaki Aranbisa.

Abendu hasieratik, Eguberrri giroa sumatzen da gure kaleetan. Kaleetako argiak, Aterpea elkarteko eskaparate eta denden apainketa... Aurtengoak , ordea, ez dira ohiko jaiak izango eta elkarteek zein udalak antolatutako ekintzak moldatu behar izan dira

Urtero, abenduko zubi aldera, Lasarte-Oriak argiteria berezia aurkezten du garai berezi horri begira. Aurten abenduaren 10ean piztu ziren eta urtarrilaren 7ra arte egongo dira kaleak alaitzen.  Oro har, 18:00etatik 00:00etara piztuko dituzte argiak, eta, zenbait gunetan, berriz, goizeko ordubiak arte.

Lasarte-Oriako Eguberrietako beste elementuetako bat Ama Brigitarren komentuan jartzen den jaiotza da, baita Azpeitia altzariak eta San Pedro elizan ikusgai egoten ziren Jaiotza lehiaketako lanak ere. 

Aurten, ordea, Danok Kide elkarteak lehiaketa ez egitea erabaki du. "Aurten kale egingo dugu, baina hurrengo urtean, dena ondo bidean, herritarrek euren artelanak aurkezteko aukera izango dute", aurreratu dute elkarteko kideek.

Ateak itxita

Eguberriak ate joka daudela iragartzeko, zer hoberik Udal Musika Eskolako ikasle eta irakasleen doinuak baino. Aurten ordea, ohiko kontzerturik ez da izan; ikasleei zuzendutako entzunaldiak antolatu dira.

Asteartean, abenduaren 15ean,  piano, gitarra eta biolin ikasleek emanaldia egin zuten, Manuel Lekuonako kultur etxeko aretoan.

Abenduaren 16an, asteazkenean, gitarrako kideen bigarren emanaldia izan zen, Manuel Lekuonako hitzaldi aretoan.

Atzo, osteguna, azkenik tronpeta,  perkusio eta txistu emananaldia  egin zuten ikasleek Antonio Mercero aretoan.

Aurten Udal Musika Eskolako emanaldiak itxiak izan dira.

Gabonetako kontzerturik eskainiko ez duen beste elkarte bat ere badugu, Alboka Abesbatza.

COVID-19aren aurkako neurriak direla-eta, abesbatzeko kideek ikasturte hasieratik prestatzen ari ziren kontzertua bertan behera utzi behar izan dute. 
Hala ere, etxean ari dira lanean eta azken urteen antzera, herritarrei Eguberriak zoriontzeko bideo bat prestatu dute. Abenduaren 22an, euren sare sozialetan eta www.albokaabesbatza.com webgunean argitaratuko dute.

Bideotxo horretaz gain, musikak Lasarte-Oriako etxe eta txoko guztiak betetzeko asmoz, albesbatzak 2020. urtean etxetik egindako bideoak eta azken urteetan eskainitako kontzertuetako hainbat abesti  jarri dituzte herritarren eskura euren webgunean. Horien artean, 2018 urteko Eguberrietako kontzertuko zatiak.

Lasarte-Oriako Udalak Eguberrietako egitarau berezia antolatu du haurrei eta gaztetxoei zuzenduta, abenduaren 19tik urtarrilaren 5era.

Antzerkia nagusi

Aurten ez da Eguberrietako Haur parkerik izango, baina bost haur antzerki eta kontzertu batek osatuko dute udalaren eskaintza. 

Abenduaren 19an, 20.000 Legoa itsaspeko zaborretan lana eskainiko du. Julio Verneren klasikoa gaur egunera moldatu du Txalo Produkzioak.

Kantu Koloreren eskutik, Ametsen Urtebetetzea ospatuko dute haurrek, abenduaren 22an.

Eguberri gau bezperan, abenduaren 23an, Olentzeroren Zaku Magikoarekin zer gertatu ote den jakingo dute Zirtaka Teatroko lagunen emanaldian.

Abenduaren 29an, Logela multimediak pertsonaiak, txotxongiloak eta irudi multimediak batzen dituen Tartalo lana eskainiko du.

Borobil Teatroak, berriz, Hansel eta Gretel klasikoaren bertsio berria taularatuko du, abenduaren 30ean.

Eta Eguberriei amaiera ezin hobea emateko, Go!azen 7.0 kontzertua izango da. Telesaileko denboraldi berriko abestiak, eta aurreko denboraldietan kantatutako abesti ezagunenak nahasten dira emanaldian. 

Ekitaldi horiek guztiak 17:00etan hasiko dira, Go!azen 7.0 izan ezik. Azken kontzertu horrek bi emanaldi izango ditu, bata 16:00etan eta bestea 19:30ean. Sarrerak Manuel Lekuona kultur etxeko leihatilan eskuratu daitezke. Prezioa 3,80 eurokoa da ekitaldi bakoitzeko.

Horrez gain, abenduaren 20an, Koko dragoi txikia oihanean filmaz gozatzeko aukera ere izango dute.

Helduentzat EZ Dok Hiru antzerki musikatua izango da.

Helduek ere izango dute bere tartea Eguberrietako egitarauan eta musika izango da nagusi.

Eguberrien aurrekari, Sentimental filma eskainiko du, gaur, abenduaren 18an Okendo Zinema taldeak.

Abenduaren 26an, larunbatean, Tartean Teatroak Ez dok hiru. Euskal Musikaren benetazko istorioa antzerki musikatuaz gozatu ahalko da formatu akustikoan. Euskal kantutegian oinarrituta errepaso ironiko, absurdu eta dibertigarria eskainiko dute. Sarrerak 5,50 euro balio dute.

Gospel eta soul doinuek beteko dute Manuel Lekuona kultur etxeko aretoa, abenduaren 27an. Sand&Soulshine voices taldea izango da taula gainean. Emanaldiko sarrerak  zenbatuak izango dira eta 12 euro balioko dute.

Tailerrak

Ttakun Kultur elkarteak Amaraun Klubeko lagunei zuzendutako tailer berezia antolatu du Olentzero eta Mari Domingiren ongi etorria prestatzeko.

Abenduaren 22an eta 23an, 17:00etatik 18:30era, HH2 eta LH2 maila arteko haurrek eskulan bereziak egingo dituzte, Ttakunenean. 

Edukiera mugatua denez, parte hartzeko izena ematea beharrezkoa izango da. Inskripzioa egiteko bi bide daude: 695 785 392 WhatsApp zenbakia edo aisia@ttakun.eus helbide elektronikoa.

Errege Magoak

Gabonei amaiera ematen dien ekintzak, Errege Magoen etorrerak ere moldaketak izango ditu. 

Megaba elkarteko kideak  lanean egon dira aurten Errege Magoak Lasarte-Oriara etorri zitezen. 

Ez da kalean desfilerik ez karrozarik izango. "Ezin baita ekintza jendetsurik egin eta ezin baititugu kaleak jendez bete", jakitera eman dute Megabako kideek. Baina Lasarte-Oriako haurrek Erregeak ikusteko eta eurekin hitz egiteko aukera izango dute, urtarrilaren 5ean, asteartez. Aurrez hitzordua eskatu beharko da.

Osasun eta higiene neurriak jarraituz, erregeak hiru udal eraikuntzetan izango dira goiz eta arratsaldez haurrei harrera egiten. Eraikuntza bakoitzean errege bana izango da eta edukiera mugatua izango da. 

Horregatik herritarrei "arduratsu izan daitezen" eta errege bakarrari bisita egiteko eskaera egiten diete Megaba elkarteko kideek ahal duten haur gehienek Erregeak bisitatu dezaten. Bisitak familia unitatean egin ahalko dira, seiko taldeetan eta bi heldu, horien artean.

Errege Magoen harrerak moldaketak izango ditu aurtengoan. 

Megabako kideek jakitera eman dutenez, hitzorduak Internet bidez egiteko bidea lantzen ari dira. "Era honetara, herritarrek nahi duten ordutegia zehaztu ahalko dute", nabarmendu dute. 

Hurrengo egunetan, aurretiko hitzorduak non eta nola egin azalduko dute, baita harrerako informazio gehiago ere.

Horrez gain, Megaba elkarteak  herritarrei dei egiten die elkartean laguntzera. "Kide gutxi gara elkartean eta gure herrian hain errotua dagoen ekimena aurrera eramatea esfortzu handia suposatzen du. Etorkizunean ekimena aurrera eraman zedin, elkarteko kide izan nahi duten boluntarioak behar ditugu".

Horregatik elkartean lagundu  nahi duten herritarrak cabalgatalasarteoria@gmail.com helbidera mezu bat bidaltzera gonbidatzen dituzte.