Olentzero eta Mari Domingi harrera

Iristear dira Mari Domingi eta Olentzero!

Txintxarri Aldizkaria 2020ko abe. 18a, 11:00

Ezohikoak izango dira aurtengo Eguberrietako ospakizunak, baina Ttakun Kultur Elkarteak Gabonetako ekintzei eusteko apustua egin du. Horiek "modu seguruan" antolatzeko ahalegina eginda, ekitaldi bat baino gehiago izango dira datozen egunetan. Mari Domingi eta Olentzero, abenduaren 24an etorriko dira lasarteoriatarrekin egotera

2020. urteak gutxi falta du ihes egiteko, eta, Gabonen atarian ziurgabetasuna da nagusi. Ekitaldi eta ekintza ezberdinez beteta agurtu ohi ditugu urte zaharrak, berriei ere ospakizunekin ongietorria emateko. Aurten, ordea, herritar asko izango dira euren buruari bueltaka, zalantzat betetako galderei erantzuna bilatu nahian dabilena. Egingo al da ezer aurtengo  gabon-ospakizunetan? Legea oinarri hartuta, garai hauetako ekintzak antolatzerik badagoela uste du Ttakun KEk eta hortaz, "ahalik eta modu seguruenean" egiten saiatuko dela jakinarazi du.

Abenduaren 21ean artisau azoka antolatzeko asmoa zuen kultur elkarteak, baina koronabirusak eragindako egoera dela-eta, ezinezkoa izan zaie ekintza horrekin aurrera jarraitzea. Egun horretan bertan, Gozategi musika taldearen  emanaldia izango da arratsaldeko 19:00etan Manuel Lekuona Kultur Etxean. Orioko musikariek trikiti doinuekin alaituko dute lasarteoriatarren iluntzea, eta ziur, giro paregabean elkartuko direla denak. Garrantzia eman nahi diote baserritarrez janzteari,  eta herritarren artean hori sustatzeko zozketa bat egingo diute; horietan, baserritar janzten direnek soilik parte hartu ahal izango dute. Horrela. Gozategi ikustera animatzen direnek emanaldiaren sarreran jasoko dute zozketan parte hartzeko zenbakia, eta kontzertua hasi aurretik, kultur etxean bertan jakinaraziko dute garailea. Zozketako irabazleak txistorra, sagardoa, irasagarra eta gaztaz osatutako sorta eder bat jasoko du sari gisa.

Olentzero eta Mari Domingi 
Abenduaren 24an ere izango dira ekitaldiak. Aste hauetan zehar Xixuko ahate maitagarria haurrei bisitak egiten ibili da herriko ikastetxeetan. Bertan 24ko egitaraua aditzera eman die ikasle gaztetxoei eta Mari Domingiri eta Olentzerori esan beharreko amets guztien berri emateko gutuna ere oparitu die. Urtero bezala, aurten ere haurrek marrazkiak prestatu dituzte Mari Domingiri eta Olentzerori beraien maitasuna adierazteko. Artelan horiek guztiak Gonagorriko basoan duten Ikazkin Tripandi baserriko paretetan eskegiko dituzte. Poz-pozik apainduko dute etxea Mari Domingi eta Olentzero Lasarte-Oriako txikien marrazki ederrekin. Hortaz gain, txintxarri aldizkariak ere argazki galeria bat osatuko du haurren marrazki guztiak bilduz.

Mezu bat ere bidali dute ikazkinak eta Mari Domingik, haurrei jakinarazteko. Harrera hain koloretsua egiten dietenez beti, aurten egoera nahasia izan arren,  eurak bisitatzera etorriko direla iragarri dute. Abenduaren 24an herriko auzo desberdinetan egongo dir, 10:00etatik 12:00 bitarte. Hauek dira Olentzero edo Mari Domingi egongo diren auzo eta guneak:  Oriako kapera, Anbulatorio eraikina, Sasoeta, Zumaburu eta Garaikoetxea ikastetxeetako gimnasioak, Zabaletako frontoia eta Manuel Lekuona Kultur Etxeko kafetegia.  Hori bai, beraiekin egoteko aurrez, hitzordua hartzea ezinbestekoa izango da, eta, horretarako, esteka honetan sartu eta formularioa bete beharko dute interesatuek.  https://txintxarri.eus/olentzero2020/ edo https://labur.eus/olentzero2020 . Bertan zehaztu beharko dute haur kopurua eta horien datuak. Zazpi  gune ezberdin egonik, norberaren bizilekua dagoen auzoan erreserbatzeko eskaera egin die Ttakun KEk  lasarteoriatarrei, "desplazamenduak eta pilaketak saiheste aldera". Hitzordua abenduaren 18tik 20ra hartu ahal izango da, eta abenduaren 22an konfirmatuko du elkarteak hitzorduaren erreserba.

Harrera, kultur etxean
Mari Domingi eta Olentzero eta Xixuko ahateari agur beroa emateko aukera ere izango da, eguerdiko 13:00etan Manuel Lekuona Kultur Etxean. Maritxuteilatuko eta Porrotx izango dituzte lagun, eta bertara hurbildu nahi izanez gero, gonbidapenak kultur etxean eskuratu ahalko dituzte,  abenduaren 22tik aurrera. Kultur etxeko arduradunek adierazi dutenez, sarrerak, gehienez launaka banatuko dituztela.

Ttakun Kultur Elkarteak gogoeta bat plazaratu nahi izan du: "Ez da urte erraza izan, baina Ttakunetik ekitaldi hauek egitearen aldeko apustua egin nahi izan dugu, beti ere, gure txikien onuran pentsatuz. Egoerak aldaketa asko eragin ditu, eta horregatik eskatzen eta eskertzen dugu aldez aurretik pazientzia, bai egingo diren jardueren aurrekoetan, bai garapenean ere. Oso garrantzitsua da egoera honetan antolatutako gauza oro modu ahalik eta seguruenean egitea eta hori hala bermatzeko beharrezko neurriak hartuko ditugu".  

Amaraun klubeko tailerrak
Amaraun Klubeko lagunentzako tailerrak ere antolatu dituzte, Olentzero eta Mari Domingiren ongi etorria prestatzeko.
Abenduaren 22an eta 23an, 17:00etatik 18:30era, HH2 eta LH2 maila arteko haurrek eskulanak egingo dituzte, Ttakunenean.Edukiera mugatua denez, parte hartzeko izena ematea beharrezkoa dela iragarri dute. Inskripzioa egiteko bi bide jarri dituzte: 695 785 392 WhatsApp zenbakia edo aisia@ttakun.eus helbide elektronikoa.