Urte berriari, keinu txikiak

Xixuko 2020ko abe. 18a, 10:30

Iritsi dira urteko egun zirraragarrienak. Eguneroko lanak alde batera utzi eta Olentzero eta Mari Domingiren postari berezia bihurtzen naiz garai honetan. Aurten, urduritasun handiz itxaron ditut, ez baigenekien zuek bisitatzera joan ahalko ginen edo ez

Urte berezia bizi izan dugu aurtengoa. Iaz, data hauetan, nork esango liguke birus batek mundu guztia hankaz gora jarriko zuela! Bai, gurea ere erabat nahastu da! 

Zuen antzera, hilabeteak egin ditugu baserrian itxialdia noiz bukatuko zain. Porrotx, Maritxuteilatuko, Basajaun eta gainerako laguntxoen bisitarik jaso gabe egon ginen, eta poz handiz hartu genuen konfinamenduaren amaiera. Zuhurtziaz jarraitu ditugu osasun-neurrien aldaketak, zintzo jantzi dugu maskara, hitz eta akronimo berriak ikasi ditugu eta azken ordura arte, zain egon behar izan gara egun berezi hauetan gure herritik atera ahalko ginen jakiteko.

Horri esker, egun hauetan herriko txikien bildu ahal izan naiz ikastetxeetako bisitetan. Batzuk lehenengoz ezagutu naute eta negar egin dute eta, beste askok nire etorreraren zain zeudela aipatu didate barre eta algara artean. Azaldu diet Mari Domingi eta Olentzeroren laguntzailea naizela, eta haientzat eskutitzak eta marrazkiak eman dizkidate. 

COVID-19a dela-eta, ikasleen besarkadarik ezin izan dut jaso, baina, aurten, inoiz baino muxu gehiago bota dituzte airera, eta nik, horiek denak harrapatu eta Mari Domingiri eta Olentzerori eramateko jaso ditut; zenbat maitasun eta ilusio batzen diren hain keinu txikian. Bizitza keinu txikiez betea dago. Azken aldian, gune pribatuan ez bada, ezin ditugu muxu, besarkada edo laztanak eman, beraz, keinuek, ekintzek eta hitzek hartu dute garrantzia. 
Ez naiz gehiago luzatuko; Mari Domingik eta Olentzerok Gabon gauerako guztia prest izan dezaten lanean jarraitu behar dut orain. Banoa zuen eskutitz eta marrazkiak hartuta mendira, eurei erakustera!

Baina agurtu aurretik, mezu bat bidali nahiko nizueke. Zuontzako nire aurtengo oparia 2020a giro atseginean amaitu eta urte berri ona izatea nahiko nuke. Garrantzitsua da ate joka dugun urte berriari atea zabaldu eta besozabalik harrera egitea. Jarraitu beharreko osasun neurriak aintzat hartuta, etxeko txikiok euren aisiaz gozatzeko aukera izan dezazuela, eta hori hala izan dadin saiatuko gara gu hirurak.

Gaur egingo dut ikastetxeetako azken bisita eta falta diren eskutitz horiek jaso eta eramango dizkiet Mari Domingiri eta Olentzerori. Hala ere, azken orduan baten bat larri ibiliko balitz ere, izango du aukerarik. Abenduaren 24an, Mari Domingi eta Olentzeroren postontzian utzi ahal izango dituzue.

Orain bai, lagunak, lanera itzuliko naiz. Izan zaiteztela zoriotsu eta goza ditzazuela Gabonetako egunak.

Muxu, besarkada eta maitasun asko bidaltzen dizkizuegu baserritik! Irrikitan gaude zuekin elkartu eta elkarri kontutxoak esateko! Laster arte! 

Eguberri eta urte berri zoriontsuak opa dizkizuet guztiei!