Gasogenoa izeneko erregaiaren istorioa

Paulino Barrenechea Odriozola 2020ko abenduaren 20a

Argazki historiko honetan, ezker-eskuin: Josetxo Barrenechea, Joaquin Eizagirre, Paulino Barrenechea eta Jose Andres Barrenechea. Argazkia: Barrenechea-Odriozola familia.

Paulino Barrenechea Odriozolak makina bat urte egin ditu kamioilari gisa lanean. 40. eta 50. hamarkadetan, gasogenoa izeneko erregaia erabiltzen zuten bakarrenetakoa zen. Aitaren bizipen horiek jaso ditu alaba Kontxik, eta Txintxarri aldizkarira bidali, ahaztu ez daitezen.

Gaur, kontakizun labur honen bitartez gasogeno deituriko erregaiaren funtzionamendua nolakoa zen gogorarazi nahi dut, haren istorioa gure oroitzapenean mantendu ahal izateko. Era berean, omenaldi txiki bat egin nahi nieke 1940-1950 urteetan zehar, haien familiak mantentzeko eta hornigai desberdinak haien lekuetara eramateko gogor lan egin zuten kamioilari guztiei. Ez zen garai erraza izan. Lan-orduak asko ziren eta lan baldintzak ez ziren, inondik ere, egungoak bezalakoak.

Gure lanaldia goizeko seietan hasten zen. Nire aita, Jose Andres Barrenechea Yurrita, nire anaia Josetxo Barrenechea Odriozola eta ni, Paulino Barrenechea Odriozola, gure etxetik 05:30ean ateratzen ginen, Lasarte-Oriako kale nagusiko 36. zenbakitik alegia, eta Hipodromoruntz joaten ginen, familiako bi kamioiak han gordeta baitzeuden. Horietako bat GMC markakoa eta bestea Ford. Kamioi horien erregaia gasolioa izan beharrean, gasogenoa zen. Kamioiaren kabinan bi galdara genituen, baita gasolina-ontzi bat ere.

Lan neketsua egunero-egunero 

Galdara horietako bat gidariaren eserleku atzean zegoen eta barruan ikatza gordetzen genuen. Goizero, 07:30ak aldera, kamioia martxan jarri ahal izateko, 06:00etan ikatza galdara barruan sartzen hasten ginen. Horren aurretik, gasolina-ontzitik gasa kentzen genuen pospolo 
baten laguntzaz.

Beste galdara, aldiz, girakidearen eserleku atzean zegoen. Barruan telazko filtro batzuk jasotzen ziren. Filtro horien funtzioa, ikatz erreak sortutako errautsa filtratzea zen. Filtro gisa erabiltzen genituen oihalak etxean egindakoak ziren, 15-20 bat oihal guztira, eta astero aldatzen genituen.
Ikatzaren galdaratik hodi bat ateratzen zen kamioiaren kutxaren behealdetik zehar zihoana eta telazko filtroak zeuden galdararaino iristen zena. Bertan, errautsa filtratu ondoren, gasa motorreraino heltzen zen.

Prozesu hori ez litzateko posible izango eguneroko lan neketsu bati esker ez balitz. 120-140 kilo ikatz sartzen genituen gidariaren atzeko galdara barruan egunero. Ikatz kantitate horrekin 500 kilometro egin genitzazkeen, eta, horrela, Andoaingo harrobitik Añorgako Cementos Rezola fabrikaraino harria eraman ahal genuen. Harri hori eraikuntzarako zementua prestatzeko erabiltzen zen gehienbat.

120-140 kilo ikatz sartzen genituen gidariaren atzeko galdara barruan egunero

Ikatza erosteko bi aukera genituen. Horietako bat, Lasarte-Oriako kale nagusian Francisco Arrutik zuzentzen zuen eraikuntzarako tresneria-dendan erostea zen. Han, ikatza zakuetan erosten genuen. Beste aukera, Nafarroako Lache herritik ikatzez betetako kamioi bat ekartzea zen, eta ondoren hipodromoko etxeko garajean gordetzea. Gaur egun, etxe hori nire familiarena da oraindik ere.

Aldapa gogor batera iristean, gure kasuan Golf aldapa deiturikoa, kamioiak ez zuen behar adinako sasoia hura igotzeko. Momentu horretan, lehen aipatutako gasolina-ontziari bere funtzioa betetzeko ordua iristen zitzaion. Ireki bezain laister, kamioia suziri baten antzera ateratzen zen.
Denboraren poderioz eta aurrerapenei esker, bizitzako beste zenbait arlotan bezala, ibilgailuen erregaia aldatzen joan da; orain gasoila eta gasolina ditugu, baita elektrizitatea ere. Nire aitak ikusiko balu, txundituta geldituko litzateke!