Lasarte-Oriako alkate Agustin Valdiviak 'Pauso berriak' programaren hitzarmena berritu du, gaur eguerdian. Ondorioz, Aitor Carrasco herritarrak liburutegian lanean jarraituko du.
39 urteko herritarrak hainbat lan egiten ditu liburutegian. Horien artean, artxiboko laguntzaile ardurak ere badaude. Fitxak artxibatzea, zigiluak jartzea, gutunak gutun azaletan sartzea, liburu eta CDak alfabetikoki ordenatzea, fotokopiak eta liburuxkak taldekatzea bere lana direla zehaztu du Carrascok.
Hainbat urtetako lankidetza
2013. urtean hasi zen lanean Aitor Carrasco liburutegian. Nahiz eta 2016. urtean eta 2017. urtean atseden txikia hartu zuen, 2018. urtean, berriro ere, bere eginkizunei indarrez ekin ziela azaldu du asteazkenean egindako hitzarmen sinaketan.
Pauso Berriak programako arduradunek liburutegiko langileei eskerrak eman nahi dizkiete. "Izaskun eta Iñakiri eskerrak eman nahi dizkiogu euren laguntzarengatik. Erreferente ederrak dira eta eurei esker pixkanaka aurrera egiten du Aitorrek".
Pauso Berriak programa dagoeneko 160 enpresatan ezarrita dago, eta horien guztien artean, Lasarte-Oriako Udala izan zen egitasmoan parte hartzen hasi zen lehenetarikoa.