Ostegunean hasiko da udala 2021eko egutegiak etxez etxe banatzen

Txintxarri Aldizkaria 2020ko abenduaren 15a

"2021. urteko egutegiak islatu nahi du datorren urtean Lasarte-Oria nola ikusi nahi dugun", nabarmendu du Agustin Valdivia alkateak gaur goizean, egutegia aurkezteko prentsaurrekoan. Hilabeteak ilustratzen dituen argazkiak Isaac Farrek atera ditu: herriko toki berezi batzuetako paisaiak dira zenbait, Inauteriak eta sanpedroak bezalako festenak beste zenbait. 8.500 ale banatuko ditu udalak ostegun honetatik aurrera, abenduak 17.

Egutegia egiteko aurrekontua 10.073 eurokoa izan da: prestatzean eta inprimatzean gastatu du udalak diru hori. Ganboa Centro Grafico enpresa arduratu da artxibo digitala paperera ekartzeaz. Esan bezala, ostegun honetatik aurrera jasoko dituzte herritarrek egutegiak euren etxeetan, baina ez postontzian, atariko lanpasean baizik. "Buzoietan sartzeko handiegiak dira egutegiak", adierazi du alkateak.

2020. urtea "atzean uzteko"

"Datorren urtean ikusi nahi den Lasarte-Oria" irudikatu nahi izan du udalak egutegian. Isaac Farre argazkilariaren hamabi irudik ilustratzen dituzte urteko hamabi hilabeteak. "Guztion artean egiten dugun herri hori islatu nahi dugu: bizia, alaia eta langilea", adierazi du Valdiviak. 

"Itxaropentsu" dago alkatea, hastear den urteari dagokionez: "Badirudi gure bizitzetan normaltasuna berreskuratzen lagunduko duen txertoa iritsiko dela: berriro besarkatuko dugu elkar, eta maite dugun jendea musukatuko dugu".