Urrezko eta zilarrezko dominak, Buruntzaldea IKTko Zudaire eta Imazentzat

Txintxarri Aldizkaria 2020ko abe. 15a, 11:00

Buruntzaldea IKTko Nahia Zudairek eta Nora Imazek euren kirol ibilbidean pauso berri bat eman dute asteburuan jokatutako lehiaketetan. Euskal Herriko Distantzia Luzeko txapelketan eta Igeriketa Egokituko Espainiako txapelketan lehiatu dira Buruntzaldea IKTko igerilari gazteak. Imazek Euskal Herriko txapeldunordetza eskuratu du; Zudaire S8 mailako Espainiako txapela 400 m. libre proban

Buruntzaldea ITKko igerilariek bi hitzordu hitzordu garrantzitsu izan dituzte asteburuan. Bata Lasarte-Orian bertan izan zen. Maialen Chourraut kiroldegiak, berriro ere, txapelketa ofizial bat jasoko zuen hilabeteetako etenaren ostean, Euskal Herriko distantzia luzeko txapelketa eta Nora Imazek txapeldunordetza eskuratu zuen.

Egorak baldintzatuta, absolutu mailako lehiaketa izan zen bakarrik, 3.000 metroko proba.

Hala ere, Getxo IBKE, Bidasoa XXI, Izarraitz IE, Fortuna KE, Sopela Igeriketa Swim eta Buruntzaldea IKTko igerilariek euren onena eman zuten lehiatu ziren lau serieetan dominak eskuratzeko.

Nahiz eta aurten Imazek absoluto mailara salto egin, distantzia luzeago ongi hartu zion neurria eta bere serieko eta txapelketako bigarren postua eskuratu zuen, 36:53.30. Aurretik, Getxoko Itxaso Alonso bakarrik izan zuen, 36:19.72. 

Gizonezkoen mailan, Bidasoa XXI taldeko Haigor Aranguren izan zen nagusi.

Bi marka, Oviedon

Bestalde, Nahia Zudaire Absolutu mailako Igeriketa Egokituko Espainiako Txapelketan lehiatu zen, Oviedon. Gogor hasi du denboraldia igerilari gazteak bere markak hobetzen eta oraingoan ere ez du hutsik egin.

Euskal Selekzioaren izenean, lau probatan parte hartu zuen: 100 m. eta 400 m. libre, 100 m. tximeleta eta 200 m. lau estilo. 400 m. libreetan urrezko domina eskuratu zuen eta gainera, 100 metroko bi lehiaketetan S8 mailako Espainiako bi errekor berri ezarri zituen. Gainera, 200 m. lau estilo proban bere marka ondu zuen.

Errekorrekin jarraituz, Bidasoa XXIean lehiatzen den Ainhoa Martin herritarrak 200 m. bular probako 17 urteko Euskal Herriko errekor berria ezarri zuen, abenduaren 5ean eta 6an lehiatu zen Castalai Castello Nazioarteko Sarian.

Liga ezin hasi

Buruntzaldea IKTko gainerako taldekideak ere lehiatzen hastekoak ziren larunbatean, baina ez zen posible izan. COVID neurrien eraginez, Gipuzkoako Federazioak Tolosan jokatzekoa zen Neguko Ligako 1. jardunaldia bertan behera utzi zuen.