Antonio Olideni eta Kontxako Bandera irabazi zuten Lasarte-Michelin traineruko eskifaiei aitortza

Txintxarri Aldizkaria 2020ko abe. 13a, 23:13
Ezkerretik eskuinera, Jose Luis Korta, Antonio Oliden, Iñaki Pinedo eta Ángel Obregón

Lasarte-Oriako Udalak eta Michelin fundazioak Antonio Oliden patroi, arraunlari eta entrenatzailea omendu dute arratsaldean Manuel Lekuona kultur etxean. Ekitaldian izan dira berarekin Kontxako bi banderak irabazitako arraunlarietako asko eta Iñaki Prietok zuzendutako Ziaboga dokumentala proiektatu dute, Olidenen lekukotza jasotzen duena, besteren artean. 

Michelin-Lasarte eskifaiarekin lortutako bi Kontxako Banderak agertokiaren alde batean, Michelin eta Lasarte-Oriakoa, bestean. Paper poltsak eta traineru itxurako ikurra aurrealdean. Eserlekuen lehen lerroan, agintariei gordetako eserlekuekin batera, protagonista bere lekuan eserita dago. Makilari tinko eutsita igaro du ekitaldi osoa eta begiak heze izan ditu, zirrarak eraginda, ziur aski. 

Orion jaioa eta lasarteoriatartzat hartua, Olidenek hamaika Kontxako Bandera eta lau Espainiako Traineru Txapelketa irabazi zituen lau hamarkadako ibilbidean. Agustin Valdiviak azaldu ditu omenduaren gakoak. Lasarte-Oriak arraunari egindako ekarpen "labur bezain garrantzitsuaren" parte izan zela nabarmendu du. "Lasarteoriatarren arraunaren urrezko garaien ordezkari duina da, Lasarte-Michelin traineruko kide gisa gure herriaren historiarekin eta Michelin enpresarenarekin oso lotuta dago, bertan lan egiten baitzuen bere kide askok bezala".

Arrauna herrira olidentarren eskutik heldu baitzen eta Michelin fabrikaren inguruan loratu 1960 hamarkadan. 1969an Oliden arraunlari zela lehen Kontxako Bandera irabazi zuen herriko traineruak eta 1973an, oraingoan patroi lanetan, bigarrena. 1979an desagertu artean, beste arrakasta batzuk ere izan ziren. Michelin fundazioko ordezkari Jaime de la Calek ere hartu du hitza. Herriari  lotuta daramatzan 86 urteotan arrauna ere oso presente egon da enpresan. 1960ko hamarkada bukaeran udalarekin batera urrats bat gehiago egin eta Lasarte-Michelin trainerua abiarazi zuen eta aipatutako bi garaipenak lortu zituzten Donostiako badiako uretan. "Kontxako Bandera irabaztea, dakizuen bezala, Munduko Txapelketa irabaztea da", gogoratu du enpresako ordezkariak. Arrakasta horretan parte hartu zuten guztiei eskerrak eman dizkie, eta bereziki, omenduari. "Gaur egun Michelin Lasarten lan egiten dugun guztion partez, gure historiarekin harro gaudenak: Mila esker, Antonio!". 

Plaka eta oroigarriak

Jarraian, Valdivia alkateak eta de la Calek plaka bat eman diote Olideni. Jaso eta besoarekin agurtu ditu bi ordezkariak, elkarrekin argazkia egin aurretik. 94 urteko ditu eta azken ordura arte ez dute jakin bertaratzerik izango zuen, beraz, ahalegina eskertu diote. 

Talde lehiaketa izanda, kide bakoitza ezinbestekoa da traineruak aurrera egin dezan. Horregatik, eskifaia osatu zuten kideei ere aitortza egin nahi izan diete. Hala, Ángel Obregón dokumentalaren ekoizleak banan bana esan ditu balentria bikoitza lortu zuten eskifaien kideen izenak. Bizirik daudenek eta bertaratzea izan dutenek, altxa, eta oroigarria hartu dute mahaitik. Haietako askok lehen lerroan eserita zegoen patroi ohia agurtu dute, pandemiako neurriak pixka bat ahaztu eta eskua eman edo hitz batzuk esateko musukoa jaitsi dute. Beste batzuen kasuan, senideek hartu dute oparia eta pare bat mahai gainean gelditu dira, jaso gabe. 

Ondoren, Iñaki Pinedo zuzendariak Ziaboga lanaren aurkezpen laburra egin du. Galiziatik Hondarribira, Kantauri itsasoko kostaldeko arraun ohitura biltzen du dokumentalak. Hiru urte behar izan ditu osatzeko "halako zeharkako lanak egitea zaila baita". Ordubete inguruko piezan arraunaren atzean dagoen sentimendua bildu nahi izan du, kirolarekin inolako loturarik ez dutenentzat ere izan dadin. Arraunlari eta patroiez gain, itsaski biltzaileak, historialariak, fotokazetariak ere ageri dira, 1940ko hamarkadatik gaur egunera arteko errepasoan. Emakumearen presentzia ere islatzen ahalegindu dela aipatu du Pinedok. 

Argiak itzali eta dokumentaleko lehen testigantza Jose Luis Kortarena izan da. Pantailan bere burua ikustean, bigarren lerroko eserlekuan mugitzen hasi da eta eskua aurpegira eraman du, lotsatuta bezala. Proiekzioa amaituta, ordea, lotsarik gabe mintzatu da Obregon eta Pinedorekin batera egindako solasaldian. Olidenekin, "maisua", bizitzako zenbait pasarte gogora ekarri ditu eta bertaratutakoen galderei erantzun die, zuzendari eta ekoizlearekin batera. Ekitaldiaren amaieran Oliden agurtu eta talde argazkia egin dute laurek.

Ziaboga ikusteko aukerak

Udalak dokumentalaren 75 kopia egingo ditu kultur nahiz kirol elkarteentzat eta ikastetxeentzat. Halaber, zehazteke dagoen beste egun batean bigarren proiekzio bat egingo dute, herritarrek errazago izan dezaten ikustea. 

Erlazionatuak

Antonio Olideni omenaldia, iruditan

Txintxarri Aldizkaria 2020 abe 13 Gizartea