COVID-19

Bederatzi kutsatu berri erregistratu dituzte Lasarte-Orian

Txintxarri Aldizkaria 2020ko abe. 11a, 15:48

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak ezagutarazitako datu epidemiologikoen eguneraketaren arabera, Lasarte-Orian bederatzi positibo berri erregistratu dituzte ostegunean. 

Azken lau egunetan launa kasu atzeman ondoren, atzo, bikoiztu egin zen kopurua. Bederatzi positibo gehitu dituzte Lasarte-Orian. Hilabeteko lehenetik kutsatze gehien zenbatutako eguna da, baina kopuruak azarokoak baino hobeak dira. 

Beterri-Buruntza eskualdeko sei udalerrietan erregistratu dituzte kutsatze berriak: Lasarte-Oriako bederatziez gain; Hernanin, bost, Andoainen, hiru, eta bana, Urnietan, Usurbilen nahiz Astigarragan. 

Bezperetan baino kasu gehiago zenbatu badira ere, udalerri guztiek jarraitzen dute gune laranjan edota horian; hortaz, bihar indarrean sartuko diren arauak guztietan ezarriko dituzte.

Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, ostegunean 10.656 test diagnostiko egin zituzten, PCR nahiz antigeno probak batuta. Horietako 597 positiboak izan ziren, lurraldeka honela banatuta: 243, Gipuzkoan; 230, Bizkaian; 122, Araban; eta gainerako biak EAEtik kanpo bizi diren pertsonak dira. Atzo, COVID-ak eragindako 65 pertsona ospitaleratu zituzten eta 117 gaixo daude ZIUetan.