Atsobakar zahar egoitzako langileek, alkateari eskaera

Txintxarri Aldizkaria 2020ko abe. 10a, 14:00

Atsobakar zahar egoitzeko langileen borrokak aurrera darrai. Asteazkenero bezala, atzo egoitza aurrean bildu eta herriko kaleetatik barrena euren aldarrikapenak egin zituzten. Gaur eta bihar, berriz, ELA eta LAB sindikatuek deitutako grebarekin bat egin dute. Bi urtez euren aldarrikapenak kalera atera dituzte eta, orain, zahar egoitzak dituzten herriei gatazka konpontzeko babesa eskatu diete

Udaletxe zaharraren aurrean elkarretaratzea egiteaz gain, Gipuzkoako beste 29 herrien antzera, idatzia sartu dute udalean alkateak hitzarmenaren blokeoan bitarteko lana egin dezan. 

Idatzi horretan, "gatazkari konponbidea" emateko, alkateari eskatzen diote bilera bat egiteko greban dauden sindikatu eta langileen ordezkariekin, baita hitzarmena berritzearen eskaera egin dezan ere. Izan ere, 2017tik ez baitute hitzarmenik sinatu.

Era berean, zahar egoitzak zerbitzu publikoa izanik, langileen %90a baino gehiago azpikontratatuak direla salatzen dute, baita horri lotutako lan baldintza prekarioak ere. Gainera, kalitatezko zerbitzua emateko ratioak ez direla betetzen nabarmentzen dute eta, ondorioz, langileen lan karga "jasanezina" dela. Pandemiarengatik egoerak okerrera egin duela ere azaltzen dute: esate baterako, langile bajak ez betetzea.

Nahiz eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sindikatuei esan dien plan bat prestatzen ari dela, kezkatuta daude hori guztia ahalbideratuko duen partida nahikorik ez dagoela ikusita.

Horregatik, hitzarmena eta zaintza duinagoa egingo duen ratioa adosteko ordua dela uste dute sindikatuek eta zahar egoitzak dituzten herrietan mobilizazio ezberdinak egiten ari dira bi greba egun hauetan.