North Teameko Joaquin Sol, laugarren Mister Universon

Txintxarri Aldizkaria 2020ko abe. 10a, 10:30
North Team taldeko Alberto Gonzalez eta Joaquin Sol, Mister Universoko dominarekin. Arg.: Alberto Gonzalez

North Team taldeko Joaquin Solek Munduko txapelketako arantza kendu du, Mister Universo txapelketan eta laugarren postua eskuratu du bere lehen parte-hartzean

Estoril, Portugalen, antolatu den Mister Universo txapelketan izan dira North Team taldeko Joaquin Sol eta Alberto Gonzalez entrenatzailea. Men's phisique mailan parte hartu du North Teameko kideak. Nazioarteko hamazazpi arerio izan ditu lehian eta lehen bosten artean geratu da Sol.

Pozarren itzuli dira bertan lortutako laugarren postuarekin lehen aldia baitzuen txapelketa honetan. Alberto Gonzalez entrenatzaileak azaldu digunez, "nahiz eta neurrei zorrotzak jarraitu behar, txapelketa polita izan da. Maila oso handia zegoen eta kontuan izanik, txapelketa honetan lehiatzen den lehen aldia dela, pozik gaude lortutako postuarekin."

Solek txapelketa emozioz bizi duela azaldu digu North Teameko prestatzaileak. "Ez zen bere lehen nazioarteko txapelketa, baina atzerrian jokatzen zuen lehenetarikoa da. Izan ere, Munduko txapelketa Bartzelonan jokatu baitzen. Eta esperientzia polita izan da Joaquinentzat".

Etorkizunera begira, atseden hartuko du Solek. Gonzalezek azaldutakoaren arabera, "Lau urte daramatza nirekin lanean eta garapena egoteko, atsedena ere behar da. Ezin da beti dieta egiten egon. Gorputzak ere bere forma hartu nehar du".

Lehiaketak airean

Kirol jarduera guztiak bezala, COVIDaren egoerak baldintzatuta daude. "Estatu mailako edo nazioarteko txapelketetan parte hartu dezakegu oraingoz. Gainerako txapelketak, COVIDaren egoeraren arabera ikusiko da. Aurten gure kideetako batzuk prestatzen hasi ziren, baina entrenatzeari utzi behar izan zioten eta ezin izan dira lehiatu," nabarmendu du Gonzalezek.

Hurrengo urtean Sol lehiatuko ez den arren, North Teameko gainerako kideak txapelketaren batean parte hartzea espero dute, horien artean, Eva Crespo. "Bikini, body fitness... diziplina ezberdinetako lau atleta ditugu. Batzuk hasi berriak eta euren lehen txapelketak izango dituzte, Evarekin profesional mailan lehiatzen saiatuko gara... baina dena airean dago".