Lokatz artean, denboraldiari agur

Txintxarri Aldizkaria 2020ko abe. 10a, 09:15
Lokatzaeta euria udazkeneko azken jardunaldian protagonista izan ziren. Arg.: Txema Valles

Donostiako Hipodromoko ateak udaberrira arte itxi dira. Asteartean, abenduaren 8an, udazkeneko denboraldiko azken jardunaldia jokatu zen. Lokatza izan zen protagonistetako bat, zaldi eta gidariek ez zuten lan erraza izan 

Aurreko egunetan izandako eurien ondorioz, pistaren egokitasuna arazo izan zitekeen azken jardunaldia aurrera eramateko. Egunean ordea, neurketak egin eta lasterketak egin ahal zirela baieztatu zuten Hori bai, lokatzari eta eguraldi zakarrari aurre egin behar izan zieten parte-hartzaileek.

Arratsaldeko lehen lasterketa, D’Epsom saria, Lone Peakek eraman zuen.  Uztailean lortutako garaipena errepikatu zuen Cerqueirak prestatutako zaldiak. Bere jabe eta gidari Buesak  hasieratik jarri zuen lasterketa buru eta erraz irabazi zuen saria.

Damen bateria sarian, Soupha behorrak bere ibilbideari ederki esan zion agur lasterketan nagusi izan eta helmugara bakarrik iritsiz.

Hirugarren lasterketan Gipuzkoa Kirolak – Kirola balioekin saria zegoen jokoan. First Cornilliere portugaldarrak lehen jardunaldiko arantza kendu zuen garaipena erdietsiz. Oraingoan, Texeirak prestatzen duen zaldia Janacek zuen gidari. Txekiarrak ez zien aukerarik eman arerioei eta eroso eraman zuen helmugara. Lasterketa honetan gainera, Urban Rock eta Metkaif lasterketa kanpo geratu ziren.

Giralda Turf sarian, Farsaman izan zen nagusi. Carvalhok prestatutako zaldiak lehen garaipena zuen zaldiak. Gainera, Sousa gidariak Donostiako Hipodromoan zuen aldi txarrari amaiera emateko ere balio izan zuen.

Denboraldiko azken lasterketan, Portalera sarian, berriro ere, Janacekek eraman zuen garaikurra. Lasterketa honetan, Enrique Leon entrenatzaile duen Roble gidatu zuen txekiarrak eta ezustekoa eman zuten. Lehenik Nader eta ostean Brey Valiente faboritoekin borrokatu behar izan ziren garaipena eskuratzeko.