Lasarteoriatarrek elkartasuna adierazi diete herriko ostalariei

Txintxarri Aldizkaria 2020ko abe. 5a, 15:34

Herritar talde batek ostalariei laguntzeko diru bilketa egin dute goizean herriko lau txokotan mahaia jarrita. Lasarteoriatarren elkartasunari esker, ia 800€ batu dituzte. 

Bat-batean eta gehiegi prestatu gabe, herritar talde batek ostalariei elkartasuna adierazteko ekimena antolatu zuen atzo. Hala, gaur goizean, bi orduz mahaia eta itsulapikoa jarri dituzte herritarrek tabernak nahiz jatetxeak itxita dituztenei laguntzeko. Okendo plazan, Elizatze plazan, Biyak Bat egoitza aurrealdean eta Saito gimnasio ondoan egon dira, 11:00etatik 13:00etara. 

Eguraldiak ez du batere lagundu, baina, hala ere, uste zutena baino hobeto joan zaie.  Itsulapikoak zabaldu aurretik adierazi dutenez, "laguntzen digutelako laguntzen diegu" eta "denak batzen du, ematen dieguna ematen diegula". Lata irekigailua atera eta dirua kontatzen hasi dira 13:15 aldera Okendoko arkupeetan. 500€ batu dituztenean, "nire aurreikuspenak gainditu ditugu" esan du batek eta kideak aitortu dionez, "pote bakoitzean 100€ egotea espero nuen". Poza handitzen joan da, kopuruarekin batera. Billeteak amaituta, txanponak banan-banan zenbatuta, 792,53€-ra heldu dira. 

Jalgi tabernako Javi Morak jaso du dirua ostalarien izenean. Eskertuta zegoen keinuarekin eta kezkatuta datozen egunetan agintariek jakinarazi ditzaketen erabakiekin. "Ez dugu ahaztu behar 40 egunez itxita egon garela". Diru bilketan parte hartu dutenak, berriz, pozik egindakoarekin eta eskertuta dirua eman duten lasarteoriatarrekin. Ostalariekin ere, mahaiak utzi eta pintxoak eman dizkietelako. 

 

Erlazionatuak

Ostalarien aldeko diru bilketa

Txintxarri Aldizkaria 2020 abe 05 Gizartea