Asier Hernandez eta Dorleta Urretabizkaia aktoreek parte hartu dute zine forumean

Txintxarri Aldizkaria 2020ko abenduaren 5a

Okendo Zinema Taldeak eta udaleko kultur atalak antolatutako zine forumean Hil kanpaiak filma ikusteko aukera izan dute ostiral iluntzean. Saioan parte hartu dute filmeko bi aktoreek.

Imanol Rayok Miren Gorrotxategi idazle azpeitiarraren 33 ezkil liburuan oinarrituta osatu du bere bigarren filma. Donostiako Zinemaldian proiektatu ondoren, azaroa amaieran estreinatu zuen, eta atzo, Manuel Lekuona kultur etxeko areto nagusian ikusteko aukera izan zuten Okendo Zinema Taldearen eskutik.  Emanaldi berezia izan zen, gainera, filmeko bi aktore bertan izan baitziren, Asier Hernandez eta Dorleta Urretabizkaia donostiarrak, hain zuzen ere. 

Argiak itzali aurretik ezer gutxi esan zuten bi gonbidatuek, ikusiko zutena gustuko izatea espero zutela, besterik ez. Baserri bateko lurretan zenbait hezur agertzean piztutako misterioa argitu ondoren, berriz, hogei bat minutuz solastu ziren bertaratutakoekin. Rayorekin lan egitea nolakoa zen argitu zieten ikusleei. Biek nabarmendu zutenez, zinemagileak oso argi duela zer den ikusi nahi duena. Hernandezen hitzetan, "pelikula guztia buruan du". Gidoi teknikoan planoz plano azaldu bezala, zehatz mehatz errodatu zuen. Ondorioz, lanaldiak aurreikusitakoa baino pare bat ordu lehenago amaitu zituzten askotan. Urretabizkaiaren esanetan, "oso argi du ikusi nahi duena" eta behin lortuta, ez du errepikatu nahi izaten. Antzezpenei dagokienez, berriz, azalpen gutxi eman zizkien Rayok, beraz, galduta egoteko sentipena zuten. "Emaitza ikusita konturatzen zara pertsonaiak bakarrik daudela, filmaren parte da sentitzen nuena", zehaztu zuen Urretabizkaiak.