COVID-19

Eskualdeko udalerri guztiak gune gorritik kanpo daude

Txintxarri Aldizkaria 2020ko abe. 4a, 15:36

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak ezagutarazitako datu epidemiologikoen eguneraketaren arabera, Lasarte-Orian bi positibo berri erregistratu dituzte ostegunean. 

Abendua ez zen ondo hasi herrian, 13 positibo ezagutarazi baitzituzten egun horretan. Ondorengo bietan, berriz, kopuruek nabarmen behera egin dute, orokorrean gertatzen ari den bezala. Eguberriei begira joera mantenduko den ikusteke dago eta hilabetea hasi besterik ez da egin, baina egoera azaro hasierakoarekin alderatuta, nahiko bestelakoa da. 

Beterri-Buruntza eskualdean ere egoerak hobera egiten jarraitzen du. Ostegunean, orotara, hamaika kasu erregistratu zituzten: Zazpi, Hernanin; bi, Lasarte-Orian, eta bana, Andoainen nahiz Usurbilen. Urnietan eta Astigarragan, berriz, bere horretan mantendu dira, kutsatu berririk gabe. Udalerri guztiak gune gorritik kanpo daude, Usurbilgo intzidentzia metatua 500 kasutik behera kokatu baitzen atzo. Urnieta da egoera hobea duena, gune horian baitago.

Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionean, ostegunean, 10.140 test diagnostiko egin zituzten, PCR eta antigeno probak batuta, eta horietako 519 positiboak izan ziren. Hori horrela, positibo tasa %5,2 da. Lurraldeka banatuta, Gipuzkoan 205 kasu berri atzeman zituzten atzo, Bizkaian, aldiz, 208, eta Araban, 103. Gainerako hiruak EAEtik kanpo bizi diren pertsonak dira. Atzo, COVID-19ak eragindako 40 lagun ospitaleratu zituzten eta 129 gaixo daude ZIUetan.