Mari Azpiroz Murua: "Kosta egiten zaigu bertako landareak ezagutzea eta landarez inguratuta gaudela ohartzea"

Nerea Eizagirre 2020ko abe. 5a, 10:00
Arg.: Goizane Lopez Elizondo

2018. urtean, Aranzadi Zientzia elkarteko Botanika saileko kideek gure inguruaren ezagutza eskasarengatik kezka agertu zuten. Ezezagutza horri aurre egiteko asmotan, irailean Gure Basoak liburua aurkeztu zuten Donostiako Koldo Mitxelena kulturgunean. Aurkezpenean izan ziren hitzaurrea idatzi duen Toti Martinez de Lezea idazlea, eta babesle duten BERRIA egunkariko zuzendari Martxelo Otamendi. Botanika saileko kideak ere, noski bertan izan ziren, eta, horien artean, Mari Azpiroz Murua (Lasarte-Oria, 1979) herritarra. Harekin solastu gara Gure Basoak proiektuaren nondik-norakoei buruz

Aranzadiko Botanika sailak Gure Basoak liburua osatu du, gure inguruneko baso eta landareak ezagutzeko. Zein helbururekin? Ez al ditugu gipuzkoarrok gure basoak ezagutzen? 

2018an hasi zen dena, horrelako gauzak hasten diren bezala, kezka batetik. Arduratuta gaude gure inguruaren ezagutza eskasarekin. Paisaiak inguratzen gaitu, askotan ahaztu egiten bazaigu ere, edo arretarik jartzen ez badiogu ere. Eta paisaiaren oinarri-oinarrian landareak daude, ingurune natural eta nekazaritza eremuetan, behinik behin. Basoak, zelaiak, heskaiak... ez leudeke, landarerik gabe. Ingurune urbanoetan ere, gero eta garrantzi handiagoa ari dira hartzen parke, berdegune eta eraztun berdeak. Zuhaitzek itzala emateko bakarrik balio dutela pentsa genezake, edo basoetakoek animalien bizitoki izateko, baina, zuhaitzak, ez dira hori bakarrik.

Dena den, kosta egiten zaigu bertako landareak ezagutzea, eta, beraz, landarez inguratuta gaudela ohartzea ere. Arazo hori, hain da ohikoa, izena ere bai baitu: landareekiko itsutasuna.

Zer da landareekiko itsutasuna? 
Ezaguna bezain berria da itsutasuna, galera bi belaunalditan gertatu delako. Nekazaritza inguruetako adinekoek oraindik gogoratzen dituzte 60-70 espezietik gora, eta heldu eta ume gehienek ez dituzte bost landare baino gehiago ezagutzen. Are gehiago, askotan, izendatzetik identifikatzera ere, tartea egoten da. Izendatu, izendatzen badituzte ere, gero ez dira identifikatzeko gai.

Arazo horri konponbidea jartzen hasteko, Botanika sailekook liburu hau egin dugu. Bertan lotzen dira paisaia, habitata eta landarea; Gipuzkoan oraindik orain ez da horrelako dokumenturik egin. Liburu honetan, landareen identifikazioa helburu hartuta, pauso bat atzera egin eta basotik abiatu gara.

Liburua esku artean duela, irakurlea gai izango da bere inguruko baso eta zuhaiztiak identifikatu, eta gero bertako landareak ezagutzeko, aurretiaz inolako jakintzarik izan gabe  gainera. Horretarako, liburua hiru atal nagusitan banatu dugu, beste bi atal gehigarri baditu ere.

Mari Azpiroz Murua herritarra 'Gure basoak' liburua irakurtzen. Arg.: Goizane Lopez Elizondo

Mendian goazela alboan eramateko liburua da?
Bai. Gure ustez ezinbestekoa da liburua mendira eramatea, baso eta zuhaiztietan bertatik bertara erabiltzekoa baita. Behin zuhaitz eremu baten aurrean egonda, 'Non zaude?' ataleko galderei erantzunez jakingo du erabiltzaileak zer duen aurrean.

Hori egin eta gero, habitataren ilustrazioak izango ditu asmatu duen jakiteko, eta, azkenik, bertako espezieak ezagutuko ditu, habitat bakoitzean espezie batzuk zenbakitu eta deskribatu baititugu.

"Arduratuta gaude inguruaren ezagutza eskasarekin"

Beraz, liburua ez da teoria soila. Zati didaktiko bat ere badu, jendeak alboan duen basoa ezagutzeko.

Liburuak baditu atal teoriko batzuk: Gipuzkoako klima, orografia, historia… Horiek azaldu eta baso eta zuhaiztien dinamikak erabat ulertzeko, eta baita etxekoek basoan egiteko ekintzen atal bat ere. 

Mendi-gida horrek Gipuzkoako basoen eta basoko landareen informazio ugari du. Mendiko gidetan ohikoa ez den arren, garrantzia bera eman diegu landareei eta basoei; izan ere, landareak ez dira era isolatuan hazten, eta, beraz, landare horien testuinguruan –basoan– ere jarri dugu azpimarra. Horrela, irakurleak Gipuzkoako landareak identifikatzen ikasteaz gain, bertako baso-paisaiak interpretatzen ere ikasiko du.

Esan bezala, gure helburua jendea inguruan duenaz ohartaraztea da, bertako baso zein landareen ezagutza eta interesa handitzea.

Hariztia, pagadia… Gipuzkoako habitat ezberdinen azterketa sakona egin duzue, baita horietan dauden landareena ere. Era honetara, habitat bakoitzeko landareak zeintzuk diren zehazten duzue. 

Gure liburuan sei habitat natural eta seminatural bat barneratzen ditugu. Habitat horietariko bakoitzean adierazgarrienak diren espezieak aurkezten ditugu. Espezie batzuk habitat batean baina gehiagotan ere ager daitezke.

Landare bakoitzaren fitxen marrazkietan hostoak, fruituak, lore emeak, lore arrak eta bereizgarria den atalen irudiak marraztu dira. Testuan berriz, landarearen deskribapena, ekologia, banaketa, loraldi-garaia, tamaina-tartea, aurkitu daitekeen altitudea eta web orrian, Aranzadi Zientzia Elkarteko ARAN herbarioko landare plegu bat ere ikus daiteke. 

"Landaketek orokorrean espezie dibertsitate txikiagoa dute"

Landatutako basoek ere tarte bat dute. Zein eragin dauka horrek gure ekosisteman?

Gipuzkoako lurraldearen luze-zabal osoan daude landaketak, lurraldeko mendi-hegal gehienetan. Egun, Gipuzkoako lurren ia erdiak landaketak dira (%45). Haran eta gailur altuenetan izan ezik, bien tarteko leku gehienetan egin dira landaketak, 200 eta 600 metroko altueren artean. 

Landaketen egitura oso adierazgarria da. Zuhaitz guztiak lerrokatuta egoten dira, eta lodiera antzekoa izaten dute; adin bertsukoak dira, alegia. Orokorrean, azpialdean ez dute adarrik izaten, zuhaitzei zuzen haztea komeni izanda kimatu egiten dituztelako. Landaketa zainduetan, oihanpea ere oso txiroa izaten da, garbitu egiten delako. 

Landaketek, orokorrean, espezie dibertsitate txikiagoa izaten dute. Mozketek higadura handia dakarte. Halako praktikekin, lurzoruak erabat elkortzen dira, eta horri mozketa-txandak gehituta, ez dago ez denborarik ez elikagairik tokiko espezieak haz daitezen. 

Arg.: Goizane Lopez Elizondo

Landare berezien tarte bat ere badago. Zergatik dira bereziak?

Bada Gipuzkoan basorik eratzen ez duen landare ugari, eta, liburu honetan denak sartu ezin direnez, espezie berezien atala sortu dugu. 

Bistakoa da gizakiaren eraginak baso-habitatak murriztea eragin duela, eta horrek eragin handia izan du Gipuzkoako landare batzuk desagertzeko bidean jartzean. Hori dela eta, EAEn landare horiek babestea erabaki zen. 

Liburuko atal horretan EAEn babestuta egon eta Gipuzkoan ordezkaritza duten baso-landareak deskribatu dira.

Lan eskerga da egindakoa. Zenbat denbora behar izan duzue liburua prestatzeko? Eta zenbat pertsonek parte hartu dute proiektuan?

Lehen esan bezala, 2018an hasi genuen proiektu hau. Ez da lan erraza izan proiektua aurrera eramateko diru-iturriak aurkitzea eta, alde horretatik, Ttakun Kultur Elkarteari eskertu nahiko genioke hasieratik beren onespena. Proiektuan Aranzadi Zientzia Elkarteko Botanika Saileko zazpi lankide izan gara buru-belarri eta Raul Dominguez ilustratzaile izan dugu. Lankide baina beste hainbat pertsonen kolaborazioa ere izan dugu ahaztu. 

Proiektu hori taldeko lana izan da eta taldeko zazpiok izan gara egile aktibo, beraz Botanika saileko denon ametsa egia bilakatu dela esan genezake.

"Bistakoa da gizakiaren eraginak baso-habitatak murriztea eragin duela"

Aipatu duzun bezala, Raul Dominguez Pazoren laguntza izan duzue. Informazioaz gain, ilustrazioei ere garrantzia eman nahi izan diezue.

Lan horretan garrantzi berezia hartzen du Raul Dominguez Pazok. Liburuko ilustrazio bakoitza errealismo itzelez egin baitu. Begi-kolpe batean, gai izango gara pareko habitat zein landareak identifikatzeko. Raulen parte hartzea garrantzi handikoa izan da, ilustrazioek, argazkien aldean, ale ideal bat irudikatzen dutelako eta, modu horretan, identifikaziorako beharrezko ezaugarri guztiak batera bildu daitezkeelako. Bereziki zaila irudikatzen genuen ilustrazioen gaia, baina Raulek bete-betean asmatu du, eta gure aurreikuspen onenak gainditu ditu.

Liburuaren hitzaurrea Toti Martinez de Lezea idazleak idatzi du. Zergatik aukeratu zenuten?

Garbi genuen hitzaurrearen egilea emakume bat izan behar zela. Gure saileko zazpi kideetatik bost emakumeak gara, eta esentzia hau hitzaurrean ere barneratzea nahi genuen. 

Totik badu naturarekiko begirune eta mistikotasun bat eta berak gure ikuspegia ezin hobeki transmitituko zuela iruditu zitzaigun. Horrela, berarekin harremanetan jarri ginen, eta segituan onartu zuen gure proposamena. Guretzat plazer bat izan da Toti bezalako emakume borrokalari bat gure artean izatea. 

'Gure basoak' liburuaren aurkezpena egin zen irailean. Arg.: Aranzadi Zientzia elkartea.

Liburuaren aurkezpena irailaren 22an izan zen.

Liburua martxoan aurkeztu behar genuen, baina, konfinamendua zela-eta, aurkezpen eguna atzeratu behar izan genuen. Modu horretan, irailaren 22an egin genuen aurkezpena.

Harrera ona izan du liburuak. 

Lehen argitaraldiak izugarrizko arrakasta izan du, eta prestatu genituen 1.000 aleak hiru astetan agortu ziren. Oso pozik gaude izan duen arrakastarekin, eta gure lanak fruituak eman dituela ikustea oso atsegingarria izan da. 

Bigarren argitaraldi bat egingo duzue? Horrela bada, non aurki daiteke liburua?

Egun bigarren argitaraldia prestatzen gabiltza. 

Bigarren argitaraldirako liburu erreserba egiteko aukera dago web orrian (https://www.basoak.eus/orri-nagusia) Elkar eta Hontza liburu-dendetan ere egongo da eskuragarri. 

Herrian ere, Orbela belar dendan eskuratu ahal izango da. 

Webguneak etxetik edo mendian mugikor bidez erabiltzeko aukera ematen du

Aipatu duzun moduan, webgune bat ere sortu duzue.

Bai. Liburua esku artean izatea interesgarria iruditzen zaigu, baina, teknologien garai hauetan, webgunea garatzea beharrezkoa ikusten genuen. Webguneak etxetik edo mendian mugikor bidez erabiltzeko aukera ematen du, eta ikastetxeentzat eta material mota interesgarri izan daiteke.

Liburuaren antzera, basoez gozatzeko hainbat dinamika aurkezten dituzue, baita saio didaktikoak eskaini ere.

Bai, hiru dinamika proposatzen ditugu, beti ere gure helburua natura errespetatzea delarik, hau da, naturan dagoena, naturan bertan utziaz. 

Herbarioa marrazten proposamena adibidez, Nork bere inguruko landareak ezagutzeko era ezin hobea da. Landareak ezagutzeaz gain, Gipuzkoako dibertsitatea bertatik bertara ezagutzeko aukera ematen du. 'Zer landare aurkitzen da erraz? Zein da urria?'. Galdera horiez gain, beste hainbat ere erantzun daitezke, herbario bat marraztuta: 'Nolako lekutan agertzen da landare bakoitza? Zer landare aurkitzen dira elkarrekin? Zein beti elkarrengandik aldenduta?'.

Erantzun guztiak arkatz eta paper batekin bilduko dira. Horretarako, landare bat identifikatu ondoren, papera eta arkatza hartu, eta landarearen hosto bat kalkatu besterik ez da egin behar. Edota Basoa, urte guztiko irakasle dinamika. Honetan, hilabete bakoitzean egin daitekeen ekintza bat proposatzen da.

Baditugu hezkuntzari zuzendutako eskaintza pare bat ere, Haur hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Bigarren hezkuntzara zuzenduak.

Proiektu guztia aurrera eramateko babesa izango zenuten, ezta?

Bai. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiegu liburuan sinetsi eta proiektua bultzatu dutenei, hain zuzen ere, Kutxa Ekoguneari, Gipuzkoako Foru Aldundiari, Viveros Pagolari, Txukun Lorazaintzari eta BERRIA egunkariari.