Iñaki Petxarroman kazetariak Ezezagunerako bidaia jarri dio izenburua bere azken lanari. Gaiaren inguruan adituak diren hamalau adituren laguntza izan du lana osatzeko. Liburua Aleka bildumako hamargarren zenbakia da.
Autoreak azaldu du, zientzialariek maiz ohartarazi duten arren, daramagun bidea zuzendu baino okertu egin dela, badirela hamarkada batzuk arazo klimatiko zein ekologikoak okertzen ari direla. Hain zuzen ere hori da liburuak biltzen duena, laburpen bat egiten du, “iraganetik hona eta hemendik etorkizunerako balizko hipotesi ezberdinena”.
Dagoeneko atzera bueltatzeko aukerak ere galdu direla azpimarratu du lasarteoriatarrak Ezezagunerako bidaia lanean. Era berean, neurri batean, mundua hemendik aurrera egiten denaren menpe ere badagoela nabarmendu du.
Ezezagunerako bidaia Berria, Elkar eta Jakinen arteko elkarlanaren emaitza izan da.

Liburua aitzaki, Lasarte-Oriako Aire Garbia plataformak idazle lasarteoriatarra gonbidatu du arazo klimatiko eta ekologikoei buruz solasaldia egiteko.
Hitzordua abenduaren 9an jarri dute, asteazkenarekin, 19:30ean, Osasun Zentroko bigarren solairuko balioanitzeko gelan.
COVID-19aren aurkako segurtasun neurriak direla eta, 20 pertsonako edukiera mugatua izango du hitzaldiak, hortaz, solasaldira joan nahi duten herritarrek aurrez izena eman beharko dute lasarteorianairegarbia@gmail.com helbide elektronikora idatzita.