Duela bi urte egindako lehenengo Euskaraldian hamasei urtetik beherako gazteek parte hartu ezin zutela- eta, Gazte Batzordea sortu zuten Lasarte-Oriako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleek. Egitasmoarekin bat egin, eta gazteen egunerokoa girotzeko asmoz hasi ziren Gazte Batzordeen saioetan parte hartzen. Gogoan dute bideo mordoa grabatu zituztela orduan: "Euskaraldian parte hartu ezin genuenez, ikastetxean egitasmoari lotutako ekintzak egiteko elkartu ginen".
Orduko bideak, ordea, jarraipena izan du aurten ere; buru-belarri dabiltza Nerabeen Euskaraldiarekin, eta ekintza bat baino gehiago egin dituzte. Bi batzorde osatu dituzte; batetik DBH1 eta DBH2ko gazteek osatzen dutena, eta, bestetik, DBH 3 eta DBH 4koena. Astean bitan elkartzen dira Ttakunenean dozena bat lagun. Gazteenak Oriarte Institutuko dinamizazioaz arduratzen dira eta, zaharrenak, berriz, Oriarte Larrekoetxekoaz.
Euskararen Nazioarteko Egunaren bezperan bildu da txintxarri aldizkaria Gazte Batzordearekin, eta egun horretarako prestatzen ari ziren ekintzaren berri eman diote: "Bingo musikatua prestatu dugu Euskararen Eguna ospatu eta Euskaraldiari amaiera emateko; azkenengo gauzak prestatzen ari gara". Iazko Abenduaren 3an egindako ekintzatik "ideiak hartuta" osatu dute aurtengo bingoa.
Nerabeen Euskaraldirako txapak
Nerabeen Euskaraldirako txapak ere prestatu dituzte.Haiek diseinatu eta egin dituzte, banan-banan, egitasmoan parte hartzera animatu diren 500 bat gazterentzat. Dinamika hori eragingarria dela argi dute gazteek: "Mugimendu honekin jendea kontzienteago da; gure inguruan euskara gehiago erabiltzeko baliagarria da". Horrez gain, egunero-egunero, goizeko zortzietan musika jartzen dute ikastetxeko bozgorailuetatik, eta baita ere patio garaietan, "ikaskideek gogoan izan dezaten Euskaraldian murgilduta gaudela".
Gogo eta konpromiso ederra erakutsi dute gazteek, Euskaraldia amaitzearekin batera, euren lanarekin jarraitzeko nahia azaldu dute: "Guk jarraituko dugu elkartzen, eta datorren urterako ere zerbait prestatuko dugu".