Udalarekin hitzarmen bana sinatu dute Ttakunek, Kukukak eta Erketzek

Txintxarri Aldizkaria 2020ko abe. 3a, 13:30

Hiru erakundeetako ordezkari bana bildu da, astearte goizean, alkatearekin hitzarmenak sinatzeko

Astearte eguerdian sinatu dituzte Ttakun Kultur Elkarteak, Kukuka Antzerki eta Dantza Eskolak eta Erketz Dantza Taldeak hitzarmen bana udalean. Bertan bildu dira hiru entitateetako ordezkariak  udal ordezkariekin.

Ttakun Kultur Elkartea izan da hitzarmena sinatzen lehena.  Mari Karmen Ormazabal lehendakariak eta Agustin Valdivia alkateak hitzarmena sinatu dute orriz orri. Akordio horren bidez, kultur elkartearen Euskal Inauteria, San Tomas azoka eta Olentzeroren ekitaldia  babestuko ditu udalak. Hiru ekitaldi horiek aurrera eramateko 13.495,91 euroko gastua du Ttakun Kultur Elkarteak, eta gastu hori, 8.845,00 eurorekin lagunduko du udalak.

Erketz Dantza Taldearen txanda izan da gero. Ruben Arranz lehendakaria arduratu da hitzarmena sinatzeaz, alkatearekin batera. 2.476,53 euroko gastua aurkeztu du dantza taldeak eta ehuneko ehunean babestuko du udalak aurrekontu hori. Horren bidez, elkartearen mantenuan lagunduko du, hau da bulegoko material suntsikorraren urteroko gastu, jantzien eta musikarien materialaren mantenua eta dantzako materialean lagunduko  du.

Azkenik, Kukuka Antzerki eta Dantza Eskolako Erik Arzalluzek sinatu du hitzarmena. Kukukak  83.772,72 euroko aurrekontua du, eta 3.885,65 eurorekin lagunduko du udalak.   Antzerki eta dantza eskolak emateko pertsonal gastuei, formakuntzak eta ordezkapenei elkartearen gastu orokorrei eta urtean zeharreko jarduerei aurre egiten lagunduko dio udalak hitzarmenaren bidez emandako laguntzarekin.