Gabonetako sorten zozketa, Aterpearen urteko azken kanpaina

Txintxarri Aldizkaria 2020ko abe. 2a, 17:20

Astearteaz geroztik martxan dute Aterpea Merkatarien Elkarteko bazkideek 2020. urteko azken kanpaina. Asteazken eguerdian aurkeztu dute, eta hilaren 29ra arte izango dute herritarrek bertan parte hartzeko aukera. Euskaraldiari babesa adierazi eta abenduaren 3ko Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat egin dute

Asteazken eguerdian aurkeztu du Aterpea merkatarien elkarteak urte honetan egingo duen azken kanpaina. Gabonetako sortak zozkatuko dituztela jakinarazi du merkatarien elkarteko lehendakari Ana Laureano  horrela, bezeroen fideltasuna saritzeko. Elkartea osatzen duten establezimendu guztien izenean, eskerrak eman dizkie bezero guztiei  beste urtebetez eurengan jarri duten konfiantzagatik.

Elkarteko bazkide diren 42 establezimenduk hartuko dute parte kanpainan, eta zozketan parte hartzeko, egindako erosketen truke, papertxo bat jasoko dute erosleek. Horiek datu pertsonalekin bete beharko dituzte. Abenduari hasiera ematearekin batera abiatu dute azken kanpaina hau eta asteartetik, abenduaren 1etik 29ra egongo da martxan. Horrekin batera, aurreratu dutenez abian duten azken kanpaina, ez da izango merkatarien elkarteak urte honetan egingo duen azken ekitaldia. Ez dute aurreratu zein izango den hori.

Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat egin dute merkatariek prentsaurrekoan. Euskarak bide luzea egin duela adierazi dute, eta nabarmendu dute gizarteak, eta konkretuki komertzio, ostalaritza eta zerbitzu pertsonalen sektoreak ahalegina egiten ari direla euskara duintasun guztiz leku eta eremu ezberdinetara eramateko.

Euskaraldiari babesa ere agertu diote, azalduz, etorkizuna ahoz aho salto eginez joango den euskararekin dagoela azpimarratu dute, baita egunez egun hizkuntza indartuko duen konpromisoarekin ere.

Koldo Mitxelenaren esaldi bat ekarri dute gogora: "Hizkuntza bat ez da espiritu leun bat, izaki bizi bat baizik, gure gizartean, biztanleetan bizi dena, beraiek dira bere oinarria eta beraiek dira bizitza ematen diotenak. Euskaraz 365 egun".

Ezjakintasunez beteriko urtea
Urteko azken kanpainaren berri ematearekin batera, urtea urduritasunez, ezjakintasunez elkartasunez eta ikaskuntzaz betetako urtea izan dela. Agerraldia amaitu aurretik, COVID-19aren ondorioz hil direnak izan dituzte gogoan, eta ostalariei ere babesa adierazi diete.