"Izugarri gozatu dugu"

Iñigo Gonzalez Sarobe 2020ko abe. 4a, 07:30

Taldean josteko tradizioari eutsi dio Ttakun Kultur Elkarteak aurten ere. Neurriak neurri eta mugak muga, jantzi tradizionalen ikastaroan gustura asko aritu dira zenbait herritar, Ione Artola irakaslearen aholkuak jaso bitartean jaka, gona, blusa, jertse eta bestelakoak atontzen. 

Irudi batek mila hitz baino gehiago balio duela esaten dute. Agian ez da kasu guztietan hala izango, baina, Ttakun KEren jantzi tradizionalen ikastaroan parte hartu duten ikasleen lanez hitz egiterakoan, bai, hala da. Adjektibo ponposoenek ere ez lituzkete artikulu hau janzteko erabili ditugun argazkiek adina zehaztasunez deskribatuko: dotoreak dira oso –jantziak, ez horrenbeste argazkiak–. 

Ione Artola herritarrak eman dizkie irakasbideak parte-hartzaileei. Jantziak sortzeaz gain, dagoeneko eginak zeudenak birziklatu egin dituzte zenbait ikaslek: esate baterako, zendutako ahaide baten jaka moldatu, gero beste senide batek erabil dezan.  Kurtsoa "oso-oso ongi" joan dela azpimarratu du, eta "izugarri" gozatu dutela talde giroan josten. "Bizi dugun osasun-egoera ikusita, pribilegio bat izan da guretzat taldean biltzen jarraitu ahal izatea; ikasleek asko baloratu dute elkartzeko aukera hori, are gehiago pandemia baten erdian. Kutsatze kasurik ez dugu izan". 

Amaitu berri den egitasmoak utzitako aho zapore on horrekin prestatzen ari dira antolatzaileak Titare jostungintza ikastaroa. 2021eko urtarrilean hasiko da, osasun-egoerak ahalbidetzen badu, jakina. Talde bakarra osatu beharrean, bi egitea aurreikusten dutela aurreratu diote antolatzaileek TXINTXARRI aldizkariari.