Dominak eta markak, Euskadiko kluben kopan

Txintxarri Aldizkaria 2020ko abe. 2a, 11:30
Arg.: Buruntzaldea IKT

Euskadiko Kluben igeriketa kopa jokatu zen asteburuan, Getxoko Fadura igerilekuan. Bi jardunaldi ezberdin izan ziren larunbatean, emakumeak lehiatu ziren, gizonak, berriz, igandean. Azaroaren 28ko saioan Buruntzaldea IKTko igerilariak, zein Bidasoa XXI taldeko Ainhoa eta Leire Martin izan ziren lehian

Bidasoa XXI taldea nagusi izan zen Euskadiko Kluben igeriketa kopan. 21 probetatik hamazazpitan garaile izan zen Irungo taldea, lau errelebo probak barne. Ainhoa eta Leire Martin herritarrek garaipenean zer ikusi handia izan zuten.

Martin ahizpek euren proba guztietan garaipena eskuratu zuten. Ainhoak 100 m. eta 200 m. bular,   zein 200 m. eta 400 m. lau estilo probetan irabazle izan zen. Leire, berriz, 50 m., 100 m. eta 200 m. bizkar probetan eta 100 m. lau estilo proban lortu duen garaipena.

50 m. bizkar proban lehen postua eskuratzeaz gain, Leirek 17 urte azpiko Euskadiko marka ondu zuen. Aurreko astean Castellón egindako marka hobetu zuen gazteak ehuneko batzuetan, 28,70. 

11  marka berri

Buruntzaldea IKTko neskak ere bertan izan ziren lehian. 11 marka pertsonak ondu zituzten eta seigarren postuan amaitu zuten proba. 

Borja Apeztegia prestatzailea pozik dago igerilariek egindako lanarekin. " Geneukan parte-hartzaile kopuruarekin espero genuen hori. Proba guztiak betetzeko gutxienez bederatzi igerilari behar dira eta sei igerilariekin egin zuen gure taldeak. Beraz, ez da makala neskek egindakoa".

Markei dagokionez, Nahia Zudairek  200 m. libre, zein 100 m. eta 200 tximeletako denborak hobetu zituen, baita S8 mailako taldeko errekor berriak ezarri ere.

Garazi Etxeberriak 50 m. bular, 100 m. tximeleta eta 400 m. lau estilo probetan marka berria ezarri zuen; Izaro Audikanak 100 m. tximeleta eta 100 m. lau estiloak probetan; Saioa Elolak 50 m. eta 200 m. bizkar probetan eta June Lopezek 50 m. bizkar proban.

Euskadiko Kluben kopan parte hartu zuten Buruntzaldea IKTko igerilariak. Arg.: Buruntzaldea IKT

Pauso bat gehiago

Hala ere, emaitzak alde batera utzi eta igerilariek euren garapenean pauso bat gehiago eman ahal izan zutela azpimarratzen du Buruntzaldea IKTko arduradunak. "Gureek lehiatzeko aukera berri bat izan zuten eta honekin batera, igerilari izatearen prozesuan pauso bat gehiago ematekoa ere". 

Buruntzaldea IKTko igerilariek ez dakite lehiatzeko hurrengo aukera noiz izango den. Hala ere, entrenatzen jarraituko dute. "Momentua iristen denean prest egon beharko dugu".