Adierazpena plazaratu du udalak, HIESaren aurkako nazioarteko egunaren harira

Txintxarri Aldizkaria 2020ko abe. 1a, 13:33
Udalaren eraikina, Okendo plazatik so eginda.

Lasarte-Oriako Udalak ohar bat plazaratu du gaur, abenduak 1, HIESaren aurkako nazioarteko eguna. Honela dio:

"Harreman batean erotikoki aritzeko eta gozatzeko modu guztietan (hurrupaketak, afariak, musuak, masturbazioak, elkarrizketak, laztanak, litro batzuk edatea, sarketak, paseoak, besarkadak, orgasmoak, masajeak…), praktika gutxi batzuetan bakarrik izango da beharrezkoa antisorgailuak erabiltzea, infekzioak saihesteko.

Preserbatiboa eta latex-hesia dira metodorik onenak. Izan ere, planifikatu gabeko haurdunaldiak saihesteaz gain, balio dute baita ere GIB/HIESa bezalako transmisio genitaleko infekzioak edo maite-kontuetan ari diren pertsonen osasuna eta konfiantza baldintzatu dezaketen beste batzuk prebenitzeko.

Horrelako topaketak hasi aurretik horri guztiari buruz hitz egiteak konplizitatea eta ezustekorik gabe gozatzeko aukera erraztuko du.

Infekzioak hainbat fluidoren bidez transmititzen dira: odola, semena, baginako fluidoa, ondestekoa.

Ez da pentsatu behar infekzio horiek toxikomanoek, homosexualek edo harreman asko dituztenek bakarrik izaten dituztenik.

Ez dago arrisku-talderik, arrisku-praktikak baizik".