Ostadar SKTren bazkide berrien kanpaina gaur hasiko da

Txintxarri Aldizkaria 2020ko abe. 1a, 09:45
Arg.: Ostadar SKT

Elkarteak, 800 kirolari ditu; urtean zehar hainbat ekitaldi berezi antolatzen ditu, hala nola, Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoia eta Korrika Festa, saskibaloiko 3×3 txapelketa edo bolo eta tokako tirada bereziak, eta herriko ekonomia sustatzen ditu. Abenduaren 18ra arte bazkide berrien kanpaina martxan izango da

Abenduan sartzearekin batera, Ostadar SKTk bazkide kanpaina jarri du martxan. 

Urtean zehar kirol taldeak antolatzen dituen jarduerak aurrera eramatea ezinezkoa litzateke babesik gabe, horregatik, egitasmo honetako partaide izatera animatzen ditu herritarrak.

Bazkidetza kuotak adin txikikoentzat 15 eurotakoa da, 18 urtetik gorakoentzat 25 eurotakoa eta familiarrak, berriz, 50 euro. 

Bazkide egin nahi duten herritarrek ostadar@ostadarskt.eus helbidera mezu bat bidali behar dute. Abenduaren 18ra arte izango da bazkide egiteko aukera.

Era berean, Ostadar SKTk bazkide direnei euren laguntza eskertzen die eta kirol taldearekin jarraitzera animatzen dituzte, "kirol egitasmo hau gauzatu ahal izateko zuen babesa ezinbestekoa baita".