Eskuragarri daude Jalguneren bideo emanaldia ikustera joateko gonbidapenak

Txintxarri Aldizkaria 2020ko aza. 30a, 16:59

Gaurtik aurrera jaso ahal izango dituzte interesatuek Jalgune Elkartearen bideo emanaldia ikustera joateko gonbidapenak. Aurtengo jaialdia atzeratu egin behar izan dute, baina, abenduaren 3an bideo emanaldia egingo dute, kultur etxean. Jaialdirako prestatutako ikus-entzunezkoekin osatu dute, besteak beste, osteguneko emanaldiko bideoa

Koronabirusak eragindako egoera dela-eta, pasa den larunbateko, azaroaren 28ko Jalgune Elkartearen jaialdia atzeratu egin dute, baina abenduaren 3rako aurreikusita zuten bideo emanaldia, berriz, aurrera doa. Ostegun honetan izango da, arratsaldeko 18:30ean, Manuel Lekuona kultur etxean. Antolatzaileek aurreratu dutenez, jaialdirako prestatutako ikus-entzunezkoekin eta larunbat honetan sare sozialetan egindako zuzenekoan bildutakoekin osatuko dute bideoa.

Ekitaldi horretara joan ahal izateko, ordea, gonbidapenak eskuratzea ezinbestekoa da, eta, gaurtik aurrera jaso ahal izango dira, kultur etxean bertan. 

Maskarak erosteko aukera

Ostegunean, bideo emanaldiarekin batera, #gaigara maskarak erosteko aukera ere izango dute lasarteoriatarrek. Bi koloretako maskarak jarriko dituzte salgai; berde eta moreak eta beltzak eta haurrentzako zein helduentzako erosteko aukera izango da. Lehenak 7 eurotan eta bigarrenak, aldiz, 9eurotan.