Emakumeei omenaldia egin die Anne Etchegoyenek kanten bidez

Txintxarri Aldizkaria 2020ko aza. 29a, 21:51

VIII. Musika Astea amaitzeko Anne Etchegoyenek azken proiektua ekarri behar zuen Manuel Lekuona kultur etxera. Emakumeei omenaldia den lanaren berri eman du gaur iluntzean, bere musikariek eta Les Voix Basque abesbatzak lagunduta. 

Martxoan eman behar zuen kontzertua abeslari behe nafarrak, baina pandemiak zazpi hilabetez atzeratu du saioa. Aretoa ia bete dutenetako askori itxaroteak merezi izan diela irudituko zitzaien, amaierako txalo zaparradari erreparatuta. 

Ordu eta erdiz, Emazte azken laneko zenbait abesti eskaini ditu. Emakumeei omenaldia da proiektua eta, besteak beste, amatasuna, genero indarkeria edota askatasuna ardatz dute kantek. Baita Dolores Ibarruri Pasionaria-ri idatzitako No pasarán ere. Emanaldian beste artista batzuen kanta ezagunak ere tartekatu ditu, hala nola, Xabier Leteren Seaska kanta edo Xalbadorren heriotzean, Violeta Parra txiletarraren Gracias a la vida edo Maité herrikoia.

Hiru gitarrista eta Les Voix Basque abesbatza lagun izan ditu saioan. Euskaraz eta gaztelaniaz aritu da, abesti pare batean frantsesez ere; eta etengabe bilatu du publikoarekiko konplizitatea batean txalo, bestean txistu edota abestea eskatuz. 

Txaloen ondoren, agertokira bueltatu eta musikariak banan bana aurkeztu ditu, Mikel Laboaren Txoria txori abestu aurretik. 

Erlazionatuak

Anne Etchegoyenen kontzertua

Txintxarri Aldizkaria 2020 aza 29 Kultura