Axier Arteaga, txapeldun

Txintxarri Aldizkaria 2020ko aza. 28a, 20:03
Argazkia: Baiko Pilota

Axier Arteaga lasarteoriatarrak bigarrenez jantzi du Promozioko buruz buruko txapela. Tolosako Beotibar pilotalekuan jokatutako finalean Aitor Elordiri gailendu zaio 22-12. Ondo hasi ez bada ere, lehen atsedenaldiaren ondoren aurre hartzen joan da Baiko enpresako aurrelaria. 

2017. urtean lehen txapela eskuratu zuen Arteaga II.ak Promozioko buruz buruzko txapelketan, Bakaikoari 22-18 irabazita. Elordi, berriz, iaz txapeldunorde izan zen. Aurrekari horiekin, askorentzat gaurko partidako faboritoa zen lasarteratarra. Eta aurreikuspenak bete dira.

Ez du ondo hasi norgehiagoka Arteaga II.ak. Kosta egin zaio partidaren lehen zatian eta markagailua oso berdinduta egon da, lehen atsedenaldira heldu arte. Eseri direnean 12-10 aurretik zihoan lasarteoriatarra. Ordutik aurrera, ordea, aldatu egin da norgehiagoka. Aldea handitzen joan zaio Elordiri, lau tanto jarraian eginda, eta bakarra gehitu ahal izan du bizkaitarrak bigarren etena artekoan. 18-11 heldu dira une horretara. Kantxara bueltan, aldaketarik ez da izan eta lasarteoriatarra nagusitu da. 22-12 irabazi du finala.