Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak ohi bezala bezperan bildutako datuen berri eman du eguerdian. Ostegunean, zortzi positibo berri erregistratu dituzte Lasarte-Orian, eta horiek gehituta, 260 dira herrian azaroan zenbatutakoak. Orain arteko datu okerrena bada ere, egia da kutsatu kopuruak behera egin duela hilabetearen bigarren erdian.
Joera bera da Beterri-Buruntza eskualdean ere. Guztira, 24 kutsatze atzeman zituzten atzo sei udalerrietan. Lasarte-Oriako zortziez gain, sei erregistratu dituzten Hernanin, hiruna, Andoainen, Usurbilen eta Astigarragan; eta beste bat, Urnietan.
Pasa den astetik bi herri, Usurbil eta Urnieta, gune gorritik kanpo zeuden. Bietan behera egiten jarraitu azken hamalau egunetako intzidentzia tasak –Urnieta gune horian da, jada–, eta gaurtik Lasarte-Oria batu zaie, 500eko langatik behera baitago, gutxigatik bada ere: 499,34.
Euskal Autonomia Erkidegoan 11.233 test diagnostiko egin zituzten ostegunean, PCR zein antigeno probak gehituta, eta haietako 624 positiboak izan ziren. Bezperan baino 42 gutxiago, alegia. Positibo tasa, berriz, % 5,6 da. Lurraldeka kutsatze berrien ia erdia Gipuzkoan daude, zehazki, 307. Bizkaian, aldiz, 224 eta Araban, 85. Gainerako zortziak EAEtik kanpo bizi diren herritarrak dira. COVID-19ak eragindako 63 lagun ospitaleratu zituzten atzo eta ZIUetan 132 gaixo daude.