Nahia Zudaire: "Tokioko Joko paralinpikoena buruan dugun idea da, baina oraindik gaztea naiz"

Nerea Eizagirre 2020ko aza. 27a, 13:00
Nahia Zudaire, Andaluziako txapelketan lehiatu baino lehen. Arg.: Nahia Zudaire

S8 mailako absolutu mailako Espainiako bi marka berri ezarri ditu asteburuan, Nahia Zudaire (Zubieta, Donostia, 2004) igerilariak. Buruntzaldea IKTko kideak Andaluziako II. Txapelketan – Multidisability igeriketa Openean– parte hartu zuen eta 400 metro libre proban 200 m. eta 400 m. markak hautsi zituen. Gainera, Tokioko Joko Paralinpikoetako gutxieneko markatik gertu ibili zen. Uretara bikain itzuli da igerilari gaztea. Urrian, 34. IDM Berlin 2020-Para Swim World Series proban egon zen eta sei domina eskuratu zituen. Zudairerekin solasean egon gara lehiaketa denboraldi berri honen hasieran

Martxotik ezin izan zara lehiatu eta  lehen txapelketa izan zenuen urrian, Berlinen. Urduri zinen? Nolako esperientzia izan da?

Ni konkretuki urtarriletik egon naiz lehiatu gabe, lesio pare bat eduki nituen eta.

Berlin potentea izan zen. Lehia hasteko era intentsoa izan zen, zeren eta ez baita eremuko lehiaketa bat edo hobe esanda, lehiaketa lasai bat; maila handiko lehiaketa izan da. Baina horrek denboraldian zehar lasaitasuna emango didala uste dut. Gainerako lehiaketak ondo hartzeko modu bat izango da.

Egia esan, lasai joan nintzen. Kontuan izanda duela urtebeteko Nahiak lehiaketak nola hartzen zituen. Oso lasai nengoen, lehiaketan kontzentratua, baina %100 horretara zentratua egon gabe. Ez zen bizitzako gauza bakarra. 

Eta egia esan oso gustura egon nintzen Berlinen. Oso esperientzia ona izan da. Oso gustura nago egindakoarekin. Oso pozik nire burua eta gorputzak nola erantzun duten ikusita; hobe esanda, nik nola erantzun dudan ikusita.

Txapelketan, bost proba egin zenituen lau egunetan. Nola moldatu zinen?

Proba intentsoak egin nituen Berlinen. 400 metroko probak eta tximeletak nahiko nekatzen dute. Baina lau egunetan probak banatzea eramangarriagoa izan zen eta ez zitzaidan aldapan gora egin. Ni lehiatzera joan nintzen. Aurreko urteetan baino proba gutxiago egin nituen, gainera.   

Hala ere, sei domina lortu eta Espainiako bi errekor berri ezarri zenituen. Espero al zenuen horrelako emaitzarik lortzea? 

Aurtengoak emaitza onak dira eta dominak horren erakusle dira.

Oso positiboa da denboraldiko fase honetan marka horietan egotea. Egiten ari garen lanaren emaitza ona da. Eta horrek bultzatzen zaitu aurrera bidean eta errazago egiten du. Ondo hastea asko eskertzen da.

Nola prestatu zenuen hitzordua? Entrenamendu berezirik egin al duzu?

Ez nuen proba bereziki prestatzeko denbora askorik izan. Irail hasieran hasi nintzen lanean, bost aste izan nituen eta denbora horretan ezin dira mirariak egin. Metro karga Berlinera joan baino egun bat lehenago jaitsi nuen.

Lehiaketa hau proba modura hartu genuen gainera. 'Goazen ikustera nola lehiatzen dudan, nola erantzuten dudan lehiaketan...'. Lasaitasunez hartu genuen. Beraz, probatzera joan nintzen eta ondo ateratzen bazen ondo eta gaizki bazihoan, akatsetatik ikasi eta aurrera.

Baina irail aurretik entrenatzen egongo zinen, ezta?

Aipatu bezala, itxialdian lesionatua egon nintzen. Itxialdia ezarri baino hamar egun lehenago, martxoaren 3an, izan nuen belauneko lesioa. Hirugarren mailako bihurdura egin nuen. Baina buruko lesio bat ere banuela esan daiteke. Ni ez nengoen lehiatzeko, ez nengoen berriro lehian sartzeko...

Beraz, itxialdia niretzako plus bat izan da. Lasaitasuna izan da. Nire buruarentzat denbora eduki izana ongi etorri zitzaidan. Behar nuen nire buruarekin egon eta nahi nuena aurkitu. Itxialdiak hori erraztu zuen.

Lesio fisikoari buelta ematen hasi nintzenean, belauna osatzen hasi zenean, bizikleta asko egin nuen. Arraun asko ere, arraun-makinak utzi zizkiguten eta core ere egiten hasi nintzen.

Ez zen egoera onena izan; igerilariok uretatik atera eta ez dakigu ezer egiten. Errazago izan zen itsasoan entrenatzeko aukera eman zigutenean.

Konfinamendua arintzeak eta COVID-19aren aurkako neurri ezberdinek nola eragin dute zure prestaketan?

Nik zorte asko izan dut aurten. Donostian nago entrenatzen. Murrizketak eta neurriak daude, baina ez didate asko eragin. Maskara, distantzia mantentzea, baina egia da gure talde osoak ahal duela entrenatu. Gimnasio propioa dugu... Baliabide guztiak ditugu entrenatzen jarraitzeko eta zentzu horretan zorte handia daukagu. 

Aldaketa konstanteak bizi beharra ez da erraza eta guk lasaitasun hori daukagu. Badakigu hurrengo egunean igerilekua dugula, gimnasioa...

Iragan asteburuan, Cadizen egon zara Espainiako selekzioarekin lehiatzen. Bertan ere, bi probatan parte hartuko duzu eta bi Espainiako errekor ezarri dituzu. Bete zenuen txapelketako helburua?

Denboraldiko fase honetan ez gaude helburuak betetzeko. Oraindik metro asko geratzen zaizkigu egiteko eta gauza asko hobetzeko. Asmoa hor gaudela erakustea izango litzateke. Marketan egon gaitezkeela eta denboraldian zehar helburuetara gerturatu ahal garela ikustea. 

Orain lehiaketako sentsazioak aurkitzea litzateke garrantzitsuena eta nire marketara ahal den gehiena gerturatzea.

Tokioko Joko Paraolinpiarretako gutxieneko markatik gertu ibili zara. Ametsa izango litzateke bertan egotea?

Buruan daukagun idea da, baina gaztea naiz. Lehengo urtean zerbait ikasi banuen, nire bizitza joko batzuengatik ezin dudala baldintzatu da. Lortzen badugu, egoerak, nire gorputzak eta nire buruak ahalbideratzen duelako izango da. Eguneroko bizitza ere hor dago. Gertatzen bada, gertatuko da, eta, ez bada gertatzen, zerbaitengatik izango da.

Hurrengo urteko Europako txapelketan egoteko borrokatuko zara? 
Europako txapelketa buruan dut. Maiatzean izango da, baina presio gabe, lasaitasunarekin, disfrutatzera, nire buruarekin ondo sentitzera joango naiz eta ea zer gertatzen den.

Beraz, 2020-2021 denboraldi  lehiaketa gehiagotan parte hartzea espero duzu? 
Bai, zaila izango da. Egoera honek ematen diguna edozein aukera gehiago baloratzea dakar. Lehiaketa dagoenean, 'Bua! Lehiaketa dut eta disfrutatuko dut, agian azkena baita' esatea ekarriko du. 

Denboraldi honetan disfrutatzea izango da gakoa. Ez dakigu egingo dugun lehiaketa azkena izango den edo gehiago egongo diren. Hori da normalean helburua, baina aurten gehiago. Bizi dugun egoera ezustekoz betea dago eta.