Ostegun iluntzean banatu dituzte Lasarte-Oriako Beldur Barik lehiaketako sariak. Emakumeen Zentro Zibikoan elkartu dira gazteak eta udal ordezkariak.
Ekitaldiari hasiera emateko Lourdes Acevedo Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak hartu du hitza. Gogorarazi du lehiaketaren helburua dela emakumeek jasaten duten bereizkeriazko egoerei aurre egiten dioten neska-mutilen arte adierazpenak baloratzea.
Agustin Valdivia alkateak ere hitz egin du. Azaldu du lehiaketara aurkeztu duten lanak Beldur Barik Jarrera islatu duela, indarkeria matxistaren forma desberdinak gainditzeko eta harreman libre, errespetuzko, berdintasunezko, askotariko eta ez-sexistak eraikitzeko konpromiso pertsonal eta kolektiboa islatuz.
Kuadrillategi egitasmoko lagun talde baten Begiak itxi ditzala horrela ez nauenak gustuko ikusentzunezkoa izan da garailea, eta udal ordezkariek azaldu dutenez, kalitate tekniko eta artistikoaren gainetik, hausnarketarako eta eztabaidarako sortzen duen aukera baloratu dute. Nesk gazteen ahalduntzearen aldeko mezua zabaltzeaz gain, mutil gazteek matxismoaren aurka agertzen duten jarrera ere baloratu dituzte.
200 euroko saria irabazi dute eta hauek dira parte hartzaileak: Nora Otaegi, Inge Trantxe, Garazi Etxeberria, Malen Arzadun, Nagore Loyarte, Sigfrix Salazar, Thais Member, Irati Mazkiaran, Maialen Fernandez, Añes Apaolaza, Goiatz Aiestaran eta Arritxu Marques.
Pandemiaren eragin nabarmena
Koronabirusak eragindako egoerak eragina izan du aurtengo lehiaketan. Aurreko edizioetan ez bezala, aurten lan bakarra aurkeztu dute. Lehenengo kategoriaren barruan (12 eta 13 urte bitartekoak) aurkeztu dute kuadrillategiko gazteek euren lana. Bigarren eta hirugarren kategorian, berriz, lanik aurkeztu ez denez, sariak ere bertan behera geratu dira.