EUSKARALDIA 2020

"Gazteei asko kostatzen zaie euskararekiko betiko lelo eta estereotipoetatik atera eta diskurtso propioak egituratzea"

Maddi Zaldua 2020ko aza. 27a, 11:00

Argazkia: Jone Miren Hernandez

Gazteek euskararekiko diskurtso berririk sortu ez dutela ondorioztatu du, besteak beste, Jone Miren Hernandezek eta Soziolinguistika Klusterrak egindako ikerketak

Gazteek euskararen inguruan dituzten diskurtsoak, praktikak eta atxikimendu emozionala aztertu du Soziolinguistika Klusterrak. Azterketa kualitatiboa izan da eta Jone Miren Hernandez (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1970) EHUko Antropologia irakasleak zuzendu du. Berarekin batera, beste hiru ikerlari eta Olatz Altuna (Usurbil, Gipuzkoa, 1971) klusterreko ikerlaria ere aritu da, koordinazio lanetan. Gipuzkoako Zumaia eta Pasai Donibaneko eta Bizkaiko Gernika-Lumo eta Zornotzako gazteen errealitateak behatuta osatu dute ikerketa.

Nagusiki hiru atal aztertu dituzue: euskararen inguruan gazteek dituzten diskurtsoak; hizkuntzarekiko gazteek dituzten praktikak; eta euskararekiko duten atxikimendu emozionala. Azter ditzagun banan bana. Zein diskurtso dute gazteek euskararen inguruan?

Batez ere familia eta eskolaren bitartez jaso dituztenak. Askorentzat, nik uste dut horiek izan direla iturri nagusiak, etxean eta eskolan jaso, entzun eta esan zaiena. Eta gero, oro har, gizartean dauden diskurtsoak ere bai, noski. Komunikabideetan transmititzen direnak, esate baterako. Hortik elikatu dira eta hori da transmititzen dute. Hori bai, helduok, belaunaldi zaharragoetakook sortutako diskurtsoak dira gehienbat.

Zein lelo jaso dituzue?

Nire belaunaldiko jendearentzat oso ezagunak diren leloak topatu ditugu: euskara hizkuntza zaharra dela eta horregatik mantendu egin behar dela; galtzeko arriskua duela eta salbatu egin behar dela; altxor bat dela...

Betiko lelo horiekin batera estereotipo asko ere topatu ditugu. Ikasteko oso zaila dela, euskara bereziki familiaren bidez ikasten dela edo familian ikasten dutenak direla bakarrik euskara erabiltzen dutenak, eta abar. Baina errealitatean ikusten dugu euskaldun mota asko daudela eta oso ezberdinak. Batzuk oso ondo ikasi dute familian, bai, baina beste askok oso ondo ikasi dute, adibidez, eskolan. Oso errotuak daude estereotipo batzuk euskararekin edo euskaldun izatea zer denarekin lotuak. Horiek dira, nagusiki, gazteen artean zirkulatzen ari diren diskurtsoak, estereotipoak eta irudiak.

Hutsunea sumatzen duzue orduan? Diskurtso berri eta propioen falta.

Bai, ikusten duguna da beste gai batzuekin gertatzen ez den bezala, asko kostatzen zaiela euskararen betiko leloetatik eta estereotipoetatik atera eta diskurtso propioak egituratzea. Jaso dutena erreproduzitzen dute. Ez dituzte agertzen hizkuntzarekiko dituzten kezkak, ezta nahiko luketena ere, edo euren artean zein eztabaida gertatzen ari diren orain... eztabaidatzen den edo ez, eztabaidatzen bada zergatik, zeren inguruan, zer nolako hausnarketak egiten dituzte, eta abar. Gutxi jasotzen da hortik. Diskurtso mailan larri ikusi ditugu.

Zergatik ez da eman gazteen artean diskurtso berririk? Zerk eragin du horretan?

Gazteak ez dira gai izan euren diskurtsoak, leloak edo irudiak sortzeko, arrazoi ezberdinengatik. Lehenik, esango nuke, egoera eroso batean jaso dutela hizkuntza eta berarekin lotutako guztia (irudiak, leloak, etabar.), eskolaren bitartez, eta horrek eragin bat dauka. Momentu batean euskararen berreskurapenean apustu bat egiteko beharra ikusi zen, egin zen eta oso ondo egin da, eskola izateko belaunaldi berriak euskaldunduko dituena. Baina horrek ere baditu ondorio batzuk, eta horiek ikusten ari dira baita ere beste testuinguru batzuetan (Katalunian, Galizian, Irlandan, Gales, etabar.). Gazte askorentzat normalena da euskaraz ikastea, beraien normaltasunean dago txertatuta eta normalitate batean ikusten dute eta horrek, nolabait kentzen dio tentsio puntu bat. Halere, euren artean hizkuntzarekin lotutako talkak gertatzen direla ere ikusi dugu.

Zer nolako talkak?

Hainbatetan, egoera tentsoak gertatzen dira gazteen artean, Batzuek euskaraz hitz egin nahi dute, beste batzuek ez, edo batzuk zailtasunak dituzte eta dakite oso ondo horren aurrean nola jokatu, eta abar. Egunerokoan gisa horretako egoerak gertatzen zaizkigu, edonori, eta gazteak, ohitu dira egoera horiek kudeatzera. Ikerketan ikusi dugu segituan antzematen dituztela tentsio egoerak, eta horiei, hizkuntza aldatuz erantzuten dietela. Nahiko modu automatikoan egiten dute aldaketa hori gainera, eta adibidez, ez daude ohituta talka horien inguruan hitz egitera.

Zergatik ez dute gaiaz hitz egiten?

Batzuetan talka horiek pertsona ezezagunekin gertatzen zaizkie, baina beste askotan, berriz, gertuko pertsonekin, senideekin, ikaskideekin eta abar, eta ez daude ohituta talka horiez hitz egitera. Tentsioa dagoenean saihestu egiten dute, horretara ohituta daude eta hori modu naturalean eramaten dute. Gogoetarik ez dute egiten, edo ez dute tentsio egoera horien inguruan lasai hitz egiten. Ez diote elkarri galdetzen zer egin dezaketen, nola sentitzen diren une horietan. 

Hitz egingo balitz, argumentuak agertuko lirateke, ideiak... baina ez denez hitz egiten, ez dira mahai gainean jartzen ez diskurtso, ez argumentu ezta ideia berriak ere. Gertuen daukazun jendearekin jokatzen dugu horrela, jende horrekin sortu daitezkeen talkak edo konfliktoak ekiditeko edo saihesteko. Konturatu behar gara, horrela jokatzen jarraitzen badugu, ez ditugula korapilo horiek askatuko.

Ikerketaren beste aztergaira pasatuz, zeintzuk dira gazteek euskararekiko dituzten praktikak?

Atal honetan gazteen erreferentziazko taldeetan egin dugu ikerketa. Horretarako aztertu genituen musika talde bat; kuadrilla bat; kirol talde bat ta lokal edo lonja bat. Ikusi nahi genuen egoera edo gune ezberdin horietan egiten duten hizkuntzaren erabilera; non erabiltzen duten eta non ez, norekin erabiltzen duten, zertarako... Emaitza ezberdin ugari jaso ditugu; normala da testuinguru ezberdinetan errealitatea ere ezberdina izatea.

Ikusi dugu asko kostatzen zaiela, esate baterako, lagunartean euskaraz aritzea ohiturak ez badituzte oso finkatuta. Adibidez, lokal edo lonjen kasuan, ohitura edo inertzia bada gaztelaniaz hitz egitea, asko kostatzen zaie aldaketa egitea, Hor ere badu zerikusia, noski, aurrez aipatutakoa; gertuko harremanak direnez, ezin dute egon etengabeko konflikto egoera batean, ez dute egoeraz hitz egiten tentsioak ekiditeko.

Aldiz, beste testuinguru batzuetan, adibidez, testuinguru euskaldun bateko musika taldean, non inertzia den bertan euskaraz aritzea, kasu horretan, ohiturak hasieratik horrela ezarri direnez, hara joaten diren gazteek -eta asko dira- euskaraz egiten dute. Ohiturak garrantzitsuak dira baina baldintzak ere, eta baldintzak ematen badira eta oinarriak jartzen badira, posible da gazte kulturak eta euskarak bat egitea. Taldearen garrantzia ere nabarmendu behar da. Taldean hartzen badira erabakiak, edo taldekide batzuen artean adostuta, errazago lortzen dira gauzak. Taldean eta palanka batzuk mugituta eta oinarri edo baldintza batzuk jarrita, gauzak lortu daitezkeela uste dugu.

Familiarekin lotzen dute askok euskararen erabilera?

Euskara eskolarekin eta familiarekin identifikatzen dute, bai, bi zutabe horiekin. Hortik kanpo, aisialdiarekin, lagunartekoarekin, adibidez, ez dute identifikatzen. Gero, aurrez esan bezala, gertatzen dena da gazte horiek segun eta zein eremutan mugitzen diren , zeinekin dauden, aukera gehiago edo gutxiago dituztela euskaraz aritzeko; segun eta zein testuingurutan kokatzen diren, zein ohitura dituzten, zein inertzia... Hori beraiek badakite, eremu horietako joerak oso identifikatuak dituzte eta horren baitan jokatzen dute eta oso ohituak daude hizkuntza batetik bestera salto egiten.

Eta euskaraz nortzuk egiten duten galdetu diezuenean?

Familia euskaldunetakoek erantzuten dute, baina ikusi dugu hori ez dela horrela gertatzen. Badago jendea familian euskara dutenak hizkuntza nagusi gisa, baina senide eremu horretatik kanpo ez dutenak normalean erabiltzen eta kontrakoa ere badago, hau da, familian euskararik ikasi ez duena, baina gero, bere estrategiak erabili dituena sare euskaldunak bilatu eta asko erabiltzen dutenak.

Eta euskararekiko zein atxikimendu emozional dute? Hori da ikertu duzuen hirugarren zutabea, ezta?

Bai eta ondorio nagusietako bat izan da ikusten dugula hiztun mota asko daudela eta horrekin lotuta, atxikimendu oso ezberdinak.

Nik esango nuke, eta guk jaso duguna da, batzuk arduratuta daudela. Beraiek badakite hitz egiten dutena baino gehiago egin dezaketela eta egin behar dutela. Eta horren aurrean, jarrera ezberdinak ere topatu ditugu. Batzuk hotz agertzen dira; badakite egin dezaketena baino gutxiago egiten dutela euskaraz, baina jarrera horrekin jarraitzen dute. Beste batzuk, berriz, arduratuta daude; badakite egin dezaketena edo beharko luketena baino gutxiago egiten dutela eta horrek sortzen die kezka bat. Badaude baita ere euskaraz asko egiten dutenak baina kezkatuta daudenak euren adinkideek gutxi erabiltzen dutelako, eta abar.

Zenbait kasutan etsipen sentimendua ere agertzen da. Hori ere denboran zehar errepikatzen den zerbait da; beti pentsatzen dugu guk gehiago egiten dugula datorren belaunaldikoek baino. Zenbat aldiz entzun ditugu gisa honetako esaldiak? “Gaur egungo haurrek, guk egiten genuena baino gutxiago egiten dute”. Eta hau esan eta gero: “guk jada ez diogu buelta emango egoera horri, baina hurrengo belaunaldiek egingo dute”, diote. Erabat kontraesankorra da hori, errepikatzen den joera bat da. Baina begiratzen badugu duela 20 urteko ikerketaren bat, berdina agertzen zen.

Zumaia, Pasai Donibane, Gernika-Lumo eta Zornotzako gazteekin egin duzue ikerketa. Zergatik herri horietakoekin? Arrazoi berezirik bada?

Ikerketa honek bi fase izan ditu. Lehenengo fasean guk ez genuen parte hartu, ikerketa kuantitatiboa izan zen, datu batzuen azterketa sakona izan zen, kale neurketetatik ateratako datuen azterketa, hain zuzen. Ikerketa horren emaitzetan agertu ziren profil batzuk, eta ikerketa hori egin eta gero gazteen gaian sakondu nahi zutenez, nagusiki profil horien arabera aukeratu dira herriak. Baina aukeraketaren oinarria ikerketaren lehenengo fasearen emaitzak dira.