Lehiaketarik gabeko zortzi hilabeteren ostean, markak ontzen

Txintxarri Aldizkaria 2020ko aza. 24a, 13:30
Arg: CDN Bidasoa XXI

Lehiara itzuli dira Lasarte-Oriako igerilariak. Neguko Espainiako txapelketan lehiatu dira Bidasoa XXI taldeko Martin ahizpak, Castellón. Buruntzaldea IKTko igerilariak, berriz, Irunen kontrol proba izan dute. Gehienek euren marka pertsonalak ondu dituzte

Ostiraletik igandera, Neguko Espainiako txapelketan Ainhoa eta Leire Martinek Espainiako hoberen artean lehiatu dira eta parte hartu duten proba guztietan euren markaz hobetzeaz gain, Euskadiko 17 urte azpiko marka berriak ezarri dituzte.

Ostirala, ongi hasi zuen Ainhoak. Nahiz eta podiumera ez igo, bosgarren izan zen 100 m. estilo eta 200 m. bular probetan. Lehen proban gainera, absolutu-gazte mailan bigarren izan zen.

Leirek, berriz, 100 m. bizkar proban parte hartu zuen. Ez zegoen aurreikusia proba horretan parte hartzea. Hala ere, marka ondu zuen.

Larunbatean ere fin lehiatu ziren Martin ahizpak. Leirek 200 m. bizkar proban, Euskadiko marka hiru segundotan hobetu zuen. Ainhoak, aldiz, 100 m. bular eta 50 m. tximeleta probetan.

Eta 400 m. lau estilo proban bi ahizpek hobetu zuten marka. Lehenik probako bigarren seriean, Leirek 4:51.08 behar izan zituen proba burutzeko eta geroago, hirugarrenean, Ainhoak, 4:45:33 egin zituen. Marka horrekin gainera podiumetik ehuneko batzuetara geratu zen Ainhoa, bosgarren.

Azken jardunaldian ere, egoera bera eman zen euren lehiaketari amaiera emango zion 200 m. lau estilo proban. Leirek lehenik 2:20.32n utzi zuen 17 urteko marka eta gerora, Ainhoak 2.16:56ra jaitsi zuen.

Proba hori baino hamabost minutu lehenago, Leirek, 50 m. bizkar proban parte hartu zuen. 29.02 behar izan zituen proba egiteko.

COVID-19aren aurkako neurriak direla-eta, erlojupeko moduan jokatu da txapelketa eta proba bakoitzak hiru serie bakarrik izan ditu. Ondorioz, proba bat eta bestearen arteko denbora tartea txikia izan da eta proba ezberdinetan parte hartu behar zuten igerilariek Martin ahizpak kasu, euren osatze ahalmena erakutsi behar izan dute txapelketan.

'Erantzun ona'

Buruntzaldea IKTko igerilariek ere markak hobetu zituzten Irunen antolatu zen Kontrol lehiaketan. “Egoera onena ez izanda ere, fin aritu dira gureak eta zenbait marka pertsonal egitea ere lortu dute, uste genuena baina erantzun hobea emanez,” azaldu du Borja Apeztegia Butuntzaldea IKT taldeko prestatzaileak.

Nahiz eta entrenamendu maila baxua izan, igerilariek marka hobetzea lortu dituzte. Eta Apeztegiak nabarmentzen duenez, “azken murrizketek oraindik ere gehiago korapilatu digute egoera. Hala ere, gure igerilariek ahal denarekin ahalik eta onena eman daitekeela erakutsi digute beste behin ere”.

Kontrol lehiaketan parte hartu zuten Buruntzadea IKTko igerilariak. Arg.: Buruntzaldea IKT.

Eneko Elizasuk eman zuen ezusteko handiena. Markak hobetzeaz gain, gazteak osatze ahalmen handia erakutsi zuen proba batetik bestera. Estilo libreko 50 metroko marka pertsonal berria egin zuen, 26,64; 100 m. librekoan, 56,66an, “aurrekoa ia 2 segundotan hobetuz” eta 200 metrokoetan, 2:03,31n geratu zen kronoa. 400 metroko proban ere lehiatu zen eta bere markatik segundo batera geratu zen.

June Lopezek ere hiru marka pertsonal berritu zituen, hirurak bizkar estiloan: 50 metroko proban, 36,62; 100 metrokoan, 1:15,99 eta 200 metrokoan, 2:39,73. 

Unai G. Somovillak lau estiloetako 100 metro probako marka hobetzea lortu zuen, 1:06,19 eta 100 m. bular proban, bere markatik ehuneko batzuetara geratu zen, 1:12,75. Marka horrekin taldeko 17 urteko errekor berria ezarri zuen. 200 m. lau estiloetan eta 50 m. tximeletan ere lehiatu zen Somovilla eta bietan bere onenetik oso gertu ibili zen.

Aintzane Sarobek 100 m. tximeletako marka pertsonal berria egin zuen kronoa 1:09,43an geratuz; Nora Imazek 100 m. libreko marka berria ezarri zuen, 1:01,33 eta 400 m. eta 800 m. libre probetan ere ez marka ederrak egin zituen. Garazi Etxeberriak ere marka hobetzerik izan zuen. 100 metro lau estiloetako proba 1:17,82an amaitu zuen. 

Marka hobekuntzarik lortu ez bazuten ere, Mikel Esnal, Nerea Santos eta Izaro Audikana ere lehian izan ziren eta euren onena eman zuten.