COVID-19

Hamabost kasu atzeman dituzte herrian asteburuan

Txintxarri Aldizkaria 2020ko aza. 23a, 16:46

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren datuen arabera, gure herrian beste hamabost positibo detektatu dituzte ostiraletik igandera: zazpi, sei eta bi, hurrenez hurren. Azken atzemate horiekin, azaroa izaten ari da orain arte intzidentzia gehieneko hilabetea Lasarte-Oriaren kasuan.

Beterri-Buruntza eskualdeko udalerrietan kasuak zenbatzen jarraitu dute asteburuan zehar, batzuetan besteetan baino gehiago: Hernanin 21 kutsatze atzeman dituzte ostiraletik igandera; Andoainen eta Lasarte-Orian, hamabosna; Astigarragan, sei; Usurbilen, bost; eta, Urnietan, hiru. 

Eskualdeko udalerri gehienek gune gorrian jarraitzen dute, apurka-apurka intzidentzia tasak 500eko mugara gerturatzen ari diren arren. Lasarte-Orian 632,14koa da tasa hori gaur egun. Usurbil gune laranjan dago, eta Urnietak kolorez aldatu du berriro, eremu horira pasata: 290,79 kasu izan ditu azken hamalau egunetan 100.000 biztanleko.

EAEko hiru lurralde historikoetan 499 kasu atzeman dituzte igandean, horietatik 202 Gipuzkoan. Osakidetzaren zentroetan 449 paziente ingresatuta daude koronabirusagatik; ZIU Zainketa Intentsiboen Unitateetan daude horietatik 141.