Ostalariek beste behin kaleak hartu dituzte

Txintxarri Aldizkaria 2020ko aza. 22a, 18:54

Larunbat goizeko auto-karabanaren ondoren, gaur arratsaldean kalera bueltatu dira ostalariak. Oraingoan, oinez igaro dituzte erdialdeko kaleak eta beste behin ozen entzun dira euren aldarriak. Aurreratu dutenez, ez da azken aldia izango. 

Protestez beteriko astea beste ekintza batekin amaitu dute herriko ostalariek. Okendo plazatik irtenda, herriko erdigunean barrena manifestazioa egin dute. Ostalaritza aurrera hizki gorritan duten kamiseta beltzak, txaleko horiak, SOS ostalaritza lelodun afixak eta pankartak, ostalaritzaren eskela beltza... Askotariko ikurrak ikusgai izan dira eta batzuek kazola eta koilara erabili dute bidean. 

Ibilbide ezohikoa egin dute gaurkoan. Geltoki kalerantz irten, Kale Nagusia igaro, Zumabururaino joan,eta buelta bide beretik egin beharrean, Arkupe tabernara heltzean, Beheko kalea hartu eta Kalbario bidean gora egin dute. Jaitsi, berriz, Buruntza kaletik, Tajamar biribilgunerantz. Han, berriro, gora Atsobakar ingurura. Okendora bueltan, Pablo Mutiozabal kaletik kultur etxe ingurura joan dira. 

Plazara iristean, biribilean jarri eta txalo egin dute. Orduan, hitza hartu du Aitor Salegik ostalarien izenean. "Lasarte-oriatarrei eskerrak eman ostalaritzari ematen ari zareten babesarengatik. Dakizuen bezala oso egoera zail eta kritikoan gaude eta guretzako laguntza handia da. Deitzen zaituztegun bakoitzean etortzen zarete, esku bat bota eta laguntzen gaituzue. Babes moral garrantzitsua da". 

Egoera zaila dela berretsi du Salegik eta ez dakitela noiz ez nola ireki ahalko duten, ezta laguntzarik jasoko duten ere. Hurrengo urratsa ziur aski datorren ostegunean Donostian egingo duten manifestazioa izango da. Aldundiaren Jauregiaren aurrean izango da, foru agintariei beraiekin eseri eta entzun diezaieten eskatzeko. Oraindik baieztapenik ez dutela azaldu du Salegik, baina badakite mobilizazioekin jarraituko dutela. Hasi bezala, eskerrak emanez bukatu du. "Eskerrik asko eta hurrengoa arte, deituko zaituztegu eta". 

 

Erlazionatuak

Ostalarien manifestazioa, iruditan

Txintxarri Aldizkaria 2020 aza 22 Ekonomia

Herriko ostalarien aldarriak berriro kalean

Txintxarri Aldizkaria 2020 aza 22 Ekonomia